Sinopsia
60ko hamarkadan, Afrikako bihotzean, esperimentu zientifiko gisa, animalia-espezie berri bat sartu zuten Viktoria lakuan. Niloko perka laku erraldoi horretako espezie autoktono guztiak suntsitu zituen harrapari bihurtu zen. Arrain berria azkar ugaldu zen, eta egun munduan barrena esportatzen dira bere xerra zuriak. Sobietar Batasunekoak izandako hegazkin ikaragarriak egunero iristen dira bertara azken arrain-kargamentuak jasotzeko, eta, trukean, beren merkantzia deskargatzen dute: kalashnikovak eta munizioa kontinentearen erdialdean leku duten gerra zenbatezinetan erabiltzeko. Arrainen eta armen nazioarteko industria horrek munduko laku tropikal handienaren ertzean globalizatutako itun samingarria sorrarazi du: bertako arrantzaleez osatutako armada, nazioarteko exekutibo finantzieroak, etxerik gabeko haurrak, Afrikako ministroak, Europako Batasuneko komisarioak, Tanzaniako prostitutak eta Errusiako pilotuak.
Gaiak
Bidegabekeria, sufrimendua eta zentzu kritikoa
Bidegabekeria. Niloko perka Viktoria lakuan sartzeak ekarri zuen hondamendi naturalaren bidez, hondamen horren eta Afrikak pairatzen duen ezbehar humanitarioarekin paralelismoa egiten du pelikulak.
Sufrimendua. Sufrimendu izugarria sorrarazten duen errealitate injustua erakusten eta mendebaldearen jarrera axolagabea salatzen du filmak.
Zentzu kritikoa. Pelikulan azaltzen diren muturreko pobreziako, marginazioko eta bazterketako baldintzek Afrikagatiko borrokak funtsean dituen oinarriak berriz ere planteatzera garamatzate.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Galdera batzuk…
…pelikula ikusi aurretik:
· Afrikari buruz: Zer ezagutzen dugu Afrikari buruz?
· Justiziarik ezari buruz: Zer sorrarazten digu sufrimenduak eta justiziarik ezak?
· Itxaropenari buruz: Zer egin daiteke injustiziaren aurrean itxaropena bere horretan gordetzeko?
…pelikula ikusi ondoren:
· Dokumentalean agertzen dena axola zaigu?
· Zer egin dezakegu gisa horretako egoeren aurrean?
· Nola egin diezaiekegu aurre urrutiko errealitate injustuei frustrazioan eta errealismo pesimistan jausi gabe?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu