Sinopsia
Glasgoweko Robbie aita izan da lehen aldiz eta ezin du bere delituzko iraganetik ihes egin. Rhino, Albert eta Mo gaztearen bidean topo egingo du, heurak bezala, gutxigatik gartzela ekidin baina gizarte laneko zigorra jasotzean. Harry, egokitu zaien hezitzailea, heuren aholkulari berria bilakatuko da eta sekretuan… whiskiaren arteaz irakatsiko die. Destilategi eta dastatze saioen artean, Robbie dastatzaile gisa benetako talentua duela ohartuko da, berehala aparteko uztak identifikatzeko gai dela. Dohain hori iruzur bilakatzearekin, bere delitu txikizko eta biolentziazko bizitzako beste aldi bat bihurtzearekin pozik geldituko al da Robbie? Edo etorkizun berri batean eraldatuko du dohaina?
Gaiak
Zailtasunak, talentua, aukerak
Zailtasunak. Krisi garaia, marginalitatea, langabezia, etorkizunerako esperantza falta… bizitzan aurrera egiteko hainbat oztopo dituen gazte talde baten abenturak kontatzen dizkigu pelikula honek.
Talentua. Muga eta ezintasunez gain denok ditugu gaitasun eta trebetasunak. Filmeko protagonista ezusteko dohainaz jabetuko da.
Aukerak. Bizitzak emandako bigarren aukerei buruzko filma dugu honakoa. Eraldaketarako norberaren borondatea eta lana beharrezkoak dira baina baita ingurukoen laguntza ere.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere.Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikularen aurretik
· Zailtasunei buruz: Nola egiten diegu aurre gure arazo eta zailtasunei? Zein jarrerarekin?
· Talentuari buruz: Denok al dugu dohain edo trebetasunen bat?
· Aukerei buruz: Denok merezi al dugu bigarren aukera bat?
…pelikularen ondoren
· Nolakoa da Robbie pelikularen hasieran? Eta bukaeran? Zerk bultzatzen du Robbie bere bizitza aldatzera? Nondik ateratzen du aldaketarako indarra?
· Robbiek bakarrik lortzen al du bere ametsa egi bihurtzea? Beste pertsona batzuen laguntzarik jasotzen al du? Norena? Zein zailtasun topatzen ditu bidean?
· Zer egiten du Robbiek lortutako diruarekin? Eta bere lagunek? Zein alde dago beraien artean?
Maite Aseginolazaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu