Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 1983

Iraupena: 126 min.

Herrialdea: AEB

Zuzendaritza: James L. Brooks

Aktoreak: Debra Winger, Shirley MacLaine, Jack Nicholson, Danny De Vito, Jeff Daniels, John Lithgow, Betty King, Lisa Hart Carroll, Troy Bishop

Produkzioa: Paramount Pictures

La fuerza del cariño

Izenburu originala: Terms of Endearment

Sinopsia
Aurora eta Emma ama-alabak dira. Bai batak eta bai besteak maitasuna eta zoriontasuna bilatzen dituzte euren bizitzan. Aurora alarguna da, Emma gehiegi babestu du eta ez du onartzen Flap-ekin ezkontzea. Erabaki honek amaren eta alabaren arteko harremana nahastuko du. Aurorak, bestalde, astronauta ohia den bizilagun bitxi batekin harreman bat bizi du. Urteak aurrera joan ahala bi emakumeek bizitzako zailtasunei aurre egiten joan beharko dute. Egoera horietan beti topatuko dute elkarri laguntzeko modua, bien arteko harremana zaila izan arren.

Gaiak
Familia, maitasuna, heriotza

Familia. Familia baten bizitza kontatzen digu pelikulak. Helduek euren arteko harremanei eta seme-alaben portaerari eragingo dieten erabakiak hartuko dituzte.
Maitasuna. Maitasuna hainbat modutan azaltzen da pelikulan zehar. Protagonistek bizi dituzten harremanek baldintzatu egingo dute baina deuseztatu gabe. Egoera zailei aurre egiten eta aurrera jotzen lagunduko dien motorra maitasuna izango da.
Heriotza. Gaixotasun larri bati eta pertsona maite baten heriotzari aurre egiteko egoeran jartzen gaitu pelikulak. Egoera hauetan modu egokian jokatzea eta pertsona kaltetuaren benetako beharrei erantzutea zein zaila den azaltzen digu.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Familiari buruz: Ze garrantzi du familiak gure bizitzan? Bizitzan zehar paper bera jokatzen al du?
· Maitasunari buruz: Zertan oinarritzen da maitasuna? Zer da baldintzarik gabeko maitasuna? Bateragarriak al dira maitasuna eta gatazkak? Harremanak onak ez direnean maitasunik egon al daiteke? Gure pertsona maiteei esaten al diegu maite ditugula?
· Sufrimenduari eta heriotzari buruz: Pentsatzen al dugu heriotzean? Zergatik? Ba al dakigu nola egon asko sufritzen ari den pertsona batekin? Presta al gaitezke sufrimendu handiko egoerei aurre egiteko edo laguntzeko? Nola?

…pelikula ikusi ondoren
· Nolakoa da Auroraren eta Emmaren arteko harremana pelikulan zehar? Ze sentimendu daude beraien artean? Zeintzuk nagusitzen dira? Ze lotura du pelikularen izenburuarekin?
· Ze sentimendu anbibalente ditu Tommyk amarekiko? Zergatik? Nola bizi ditu bere barnean? Zergatik jokatzen du modu horretan berarekin? Zergatik ez dio esaten maite duela?
· Nola egiten dio aurre Emmaren inguruak bere gaixotasunari? Berdin jokatzen al dute Aurorak, Flap-ek, bere seme-alabek, lagunek? Zein da Emmaren ardura nagusia hil aurretik? Ardura hori aintzat hartzen al da? Nork hartzen du?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top