Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2012

Iraupena: 111 min.

Herrialdea: Danimarka

Zuzendaritza: Thomas Vinterberg

Aktoreak: Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Annika Wedderkopp, Alexandra Rapaport, Anne Louise Hassing, Lars Ranthe, Lasse Fogelstrom, Susse Wold, Ole Dupont, Sebastian Bull Sarming

Produkzioa: Zentropa Entertainments

La caza

Izenburu originala: Jagten

Sinopsia
Lucas-ek berrogei urte ditu eta dibortzio zail bat izan du. Beste emakume bat ezagutu du, lan berria du eta Marcus, bere seme nerabearekin harremana berreraikitzen hastear dago. Baina zerbait okertu egiten da, xehetasun bat, iruzkin inozo bat, birusa bailitzan zabalduko den gezur ezustekoa. Harridura eta mesfidantza sekulako neurria hartu harte haziko dira eta komunitate txikia talde-histeria egoera batean murgilduko da. Lucas-ek bere duintasuna eta bizitza defendatzeko, bakarrik borrokatzea baino beste biderik ez du izango.

Gaiak
Gezurra, epaiak, erruduntasuna

Gezurra. «Haurrek ez dute gezurrik esaten» premisan oinarritzen da pelikula. Gezurrak ze azkar zabaltzen diren eta horrek ze ondorio izan ditzakeen aurkezten digu.
Epaiak. Informazioa behar bezala egiaztatu gabe pertsona bat zein azkar epaitu daitekeen aurkezten da pelikulan. Urtetan landutako konfiantza une batean nola gal daitekeen ikus dezakegu.
Erruduntasuna. Komunitate batean beldurrak alarma soziala nola sortzen duen erakusten du pelikulak. Ondorioz errudun bat bilatzeko beharra sortzen da, zeinak oso zaila duen bere errugabetasuna frogatzea, komunitate guztiak kontrakoa erabaki duenean.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Gezurrari buruz: Ze arrazoik eraman gaitzake gezurra esatera? Ze ondorio izan ditzake? Zer gertatzen da gezur batek gure kontrolpetik ihes egiten duenean? Egia absoluturik ba al da?
· Epaiei buruz: Zeren arabera epaitzen dugu jendea? Nola eragiten digu gainontzekoek pentsatzen dutena? Norbaiten irizpidean itsu-itsuan konfiatzen al dugu? Zer behar da egoera jakin baten aurrean iritzi propioa izateko?
· Erruduntasunari buruz: Zergatik jotzen dugu errudunak bilatzera? Nola dakigu norbait erruduna dela? Eta oker bagaude? Zer da alarma soziala?

…pelikula ikusi ondoren
· «Haurrek ez dute sekula gezurrik esaten». Ze paper jokatzen du baieztapen honek pelikulan? Ze ondorio izan ditu Lucas-entzat? Zergatik esaten du gezurra Klarak? Zergatik ez dio inork sinesten Klarari gezurra esan duela onartzen duenean?
· Ze erantzun daude Klararen salaketaren aurrean? Komunitate guztiak modu berean jokatzen al du? Ze paper jokatzen du beldurrak pelikulan?
· Zertan oinarritzen da Lucas-en erruduntasuna? Bere errugabetasuna frogatzen al da? Lucas-engan guztiz konfiantza izatera itzultzen al da komunitatea? Ze esanahi dauka azken eszenak?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top