Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2019.

Iraupena: 121 min.

Herrialdea: AEB.

Zuzendaritza: Todd Phillips.

Aktoreak: Joaquin Phoenix, Robert De Niro, Zazie Beetz, Frances Conroy, Brett Cullen, Glenn Fleshler, Bill Camp, Shea Whigham, Marc Maron.

Produkzioa: DC Comics, DC Entertainment, Warner Bros., Village Roadshow , Bron Studios, Creative Wealth Media Finance, 22 & Indiana Pictures.

Joker

Izenburu originala: Joker

Sinopsia

Arthur Fleck Gothamen bizi da bere amarekin eta haren zaintzaz arduratzen da. Bere bizitzako motibazio bakarra jendeari barre eginaraztea da eta horregatik stand up comedy ikuskizun propioarekin amesten duen bitartean, pailazo moduan aritzen da lan xumeetan. Arthur-ek buruko gaixotasun arraro bat du eta horren ondorioz erasoak pairatzen ditu, Gotham hiriak bizi tentsio sozial sakona puri-purian dagoela. Gertakari hauek guztiak jarrera aldaketa bat eragingo dute Arthur-engan.

 

Gaiak
Indarkeria, buruko gaixotasunak, komunikabideak                            

Indarkeria. Arthur, gizartearen biktima moduan aurkezten da. Gotham hiriak tentsioz beteriko errealitatea irudikatzen du, usteldutako sistema batek gidatutako gizartea erakusten du eta egoera honek guztiak Jokerren pertsonaiaren sorrera errazten du.

Buruko gaixotasunak. Arthur Fleck-ek (Joker) gaixotasun psikiatriko bat du, sindrome sasiobulbarra edo labilitate emozionala, garuneko lesioek eraginda. Gaixotasunak nahi gabe barre algarak izatea edo negar egitea eragiten dio, baita disartria, disfagia eta disfonia ere.

Komunikabideak. Komunikabide masiboek eginkizun erabakigarria dute Joker-en eraikuntzan. Telebista esaterako,  pentsamendu kolektiboaren manipulatzaile gisa azaltzen da. Nolabait, hedabideek sortzen dute Joker eta kaosa pizten dute. Informazioaren esplotazio mediatikoak krimena eta indarkeria berpizten dute Gotham hirian, Joker-en pertsonaia ikur bihurtzera arte.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Zein indarkeria mota ezagutzen dituzue? Indarkeria justifikatu liteke?
· Buruko gaixotasunen bat duen norbait ezagutzen duzue? Zein izaten da gure jarrera buruko gaixotasunen aurrean?
· Zein paper jokatzen dute komunikabideek eta sare sozialek gure bizitzan? Noraino baldintzatzen dute gure egunerokoa eta gure bizitza?

 

…pelikula ikusi ondoren

· Zein iritzi duzu Joker-en inguruan? Arthur-en pertsonaiarekin identifikatua sentitu zara momenturen batean?
· Zer beharko luke Joker-ek mutur horretara ez iristeko? Zer egin ahalko luke bere inguruak eta gizarteak laguntzeko? Norena da Joker-en gainbeheraren ardura?
· Joker-ek egiten duena nolabait justifikatzen da filmean? Zilegia al da indarkeria kasu honetan? Zer ondorio ditu indarkeria honek? Norbaiti laguntzen al dio?

Deskargatu gida didaktikoa

 

Scroll to Top