Sinopsia
1989ko urria ez zen koman sartzeko une egokiena ekialdeko Alemanian biziz gero. Horixe izan zen Alexen amari gertatu zitzaiona: Berlingo harresia erori baino zenbait egun lehenago bere ideia sozialistez harro zegoen emakumea koman sartu zen. Alexen egoera larria izango da, zortzi hilabeteren buruan, bat-batean, ama Alemania kapitalista eta bateratuan esnatzen denelako. Berlingo harresia erori eta bere ekialdeko Alemania kutunean kapitalismoa garaile izan dela jakiteak emango liokeen bezalako minik ez lioke amari beste ezerk sortuko. Horregatik, eta ama salbatzeko, Alexek beren apartamentua iraganari tinko eusten dion irla bihurtuko du, sozialismoaren museo antzeko bat, zeinetan ama lasai asko bizi den ezer aldatu ez dela pentsatuz. Gezur txiki bezala hasi zena potolo bilakatuko da Lenin garaile izan zelako fartsa bizirik mantentzeko Alexen arreba eta zenbait bizilagun jokoan sartzen direnean.
Gaia
Maitasuna, politika, aldaketa
Maitasuna. Izaki maitatuak mindu ez ditzan errealitatea eraldatzeko ahalegina eta aukera deskribatzen du pelikulak.
Politika. Alemania bateratu zen garaian komunismotik kapitalismorako aldaketa deskribatzen du pelikulak, baita ideologia horien aurrean eduki daitezkeen jarrera desberdinak ere.
Aldaketa. Pelikula aldaketen aurrean egon daitezkeen jarrera pertsonaletan barneratzen da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Babesari buruz: Zeintzuk izan daitezke lagun maiteen gehiegizko babesak ekar ditzakeen ondorioak?
· Gezurrari buruz: Helburuek bitartekoak justifikatzen dituzte?
· Gizarteari buruz: Posible al da gizarte hobeago baten alde egitea?
…pelikula ikusi ondoren
· Nola eragiten diete pelikulako protagonistei inguruan dituzten aldaketa ekonomiko, sozial eta politiko horiek guztiek?
· Zein esanahi du kosmonautaren pertsonaiak? Zer esan nahi du esaldi honek: «gizarte hobearekin amestea ez da nahikoa, beharrezkoa da horri bizia ematea»?
· Politikoek, komunikabideek eta abarrekoek eraikitako errealitate batean bizi al gara?
Olatz Praten laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu