Sinopsia
Solly, gazte judutar bat, Bigarren Mundu Gerrako lehen egunetan bere familiarengandik bereizten dute, eta umezurztegi sobietar batean hartzen dute. Alemanek Sobietar Batasuna inbaditu zutenean, umezurztegia txikitu zuten, eta Solly «etsaiaren» eskuetan gelditzen da. Errusiera dakienez eskuadroiaren itzultzaile bezala hartzen dute haurra. Bizirik irauteko umezurtz ario alemanaren plantak egiten ditu.
Erregimentuko maskota bihurtzen da azkar batean, eta, kasualitate hutsez, gerra-heroi. Ordainetan, Alemania naziaren bihotzera eramaten dute, eta gazte-hitlerianoen kide egiten dute. Biziraupen-premian, Sollyk bere papera gogo biziz interpretatzen du. Horrenbesteko gogoz non bere nortasuna ere arriskuan jartzen duen. Solomon Perelen benetako historian oinarritutakoa da filmea.
Gaia
Xenofobia eta aukerak
Xenofobia. Pelikula honetan Bigarren Mundu Gerra garaian judu-herriak jasan zuen gorrotoan oinarritutako xenofobia ageri da.
Aukerak. Bizirik irautea arriskuan ikusten denean siniskera pertsonalak eta erlijiosoak nola uzten diren alde batera eta nola identitate propioari uko egiten zaion ere deskribatzen du pelikulak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Ezberdintasunari buruz: Desberdintasunak, dibertsitateak, aniztasunak beldur ematen digu?
· Aurreiritziei buruz: Aurreiritziak alda daitezke?
· Errespetuari buruz: Zer esan nahi du lagun hurkoa errespetatzea?
…pelikula ikusi ondoren
· Zergatik egiten ditu Sollyk gazte arioaren plantak alemanek aurkitzen dutenean?
· Zergatik onartzen dute alemanek Solly beretarra izango balitz bezala?
· Nola lortu zuen Sollyk benetako nortasuna aurkitzea?
Monica Lopez-Quintanaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu