Sinopsia
Claude, hamasei urteko mutila, Rapha institutuko ikaskidearen etxean sartuko da literaturako etxeko lanak egiteko inspirazio bila eta bere kidearen familiari buruzko kontakizun bat idazten hasiko da. Germain-ek, literatura irakasleak, Clauden talentuarekin txundituta, bere kontakizunarekin jarraitzera animatuko du. Kontakizunean aurrera egin ahala, Rapharen familian muturra sartzea handiagoa izango da eta geroz eta zailagoa izango da fikzioa eta errealitatea bereiztea. Mutur sartze honek hainbat gertakizun eragingo ditu, kontrolatzen zailak izango direnak eta eurentzat guztientzat ondorioak izango dituztenak.
Gaiak
Mugak, desioak, manipulazioa
Mugak. Pertsona zaurituak, mugatuak eta bizitzan hutsuneak dituztenak aurkezten ditu pelikulak. Elkarren beharra dute zauriak sendatu eta mugak zein hutsuneak betetzeko.
Desioak. Pertsonaiak mugiarazten dituen motorra desioa da. Euren bizitza markatu duten atsekabeei aurre egiteko katalizatzaile gisa jokatzen du, hala nola: familia uztea, bokazio-porrota edo ezkontza-errutina.
Manipulazioa. Euren mugak betetzeko eta desioak betetzeko pertsonaiek laguntasunaren eta manipulazioaren arteko harremanak izango dituzte elkarren artean.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Mugei buruz: Ze garrantzia du norbere mugak eta hutsuneak ezagutzeak? Berauek aitortzeko gai al gara? Onartzen ditugu edo gure burua engainatzen dugu?
· Desioei buruz: Ze paper jokatzen dute desioek bizitzan? Non dago desioaren eta obsesioaren arteko muga? Desioa eta errealitatea nahasteko arriskurik ba al da?
· Errespetuari buruz: Zer esan nahi du edozein bide zilegi izateak helburua garbia bada? Ze harreman du errespetuak giza duintasunarekin? Manipulazioa eta adiskidetasuna bateragarriak al dira?
…pelikula ikusi ondoren
· Zein dira Clauden mugak, hutsuneak, beharrak? Eta Germainenak? eta Rapharenak eta bere familiarenak? Eta Germainen emaztearenak?
· Zertan oinarritzen da Clauden eta Germainen arteko harremana? Ba al da adiskidetasunik euren artean? Elkarren osagarri dira edo elkar erabiltzen dute?
· Nolakoa da Clauden eta Rapharen arteko harremana? Berdin bizi al dute harremana? Zer bilatzen du Claudek Rapharen familian? Lortzen al du bere helburua? Beste moduren batean lortzeko biderik ba al zuen?
Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu