Sinopsia
Ideal politikorik eta lanik gabeko irlandar iraultzaile gazte batek, Gerry Conlon, Ipar Irlandako britaIniar Armadarekin eta IRArekin arazoak ditu. Bere aitak semeak Londresera ihes egitea lortzen du. Bertan, bi pubetan hainbat atentatu burutzen ari direnean Gerry eta lagun batzuk parke batean lotan daude. Denak galdeketa bortitza jasaten dute, eta zigor-aitorpen faltsua sinatzera behartzen dituzte, non Gerryren aita ere nahasten duten. Horrela, aitasemeek berauen errugabetasuna erakusteko borroka luze bat hasten dute.
Gaia
Bidegabekeria, gatazka eta konfiantza
Bidegabekeria. Terrorismoagatik kondenatu eta errudun bihurtu nahi dituzten bost pertsonen aurka burututako injustizia lantzen du pelikula honek.
Gatazka. Kausaren balioak giza duintasunari aurre hartzen dioenean gatazkak hartzen duen norabide suntsitzailea deskribatzen du pelikulak.
Konfiantza. Aita-semeen arteko maitasunean oinarritutako konfiantzari buruz dihardu pelikulak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Komisaldegiko inkomunikazio egonaldiari buruz: Pertsona baten aitorpena egoera horretan sinesgarria al da?
· Nire kausaren balioari buruz: Bizitzaren eta pertsonaren duintasunaren aurkako bortizkeriazko ekintzak justifika al ditzake gatazka politiko batek?
· Justiziari buruz: Zer ulertzen dugu justiziataz?
…pelikula ikusi ondoren
· Non dago zigorraren jatorria? Justizia irizpideak ditu bakarrik kontuan?
· Kartzelara sartzen denean Gerryren aitak semeari galdetzen dion lehen gauza zera da: «seme, egin al zenuen?» Ezetzaren erantzunaren aurrean badaki ziurtasunez bera ez dela izan. Zergatik behar du Gerryren berrespen hori?
· Kartzelan gaixo dagoen Gerryren aitak hitz hauek esaten ditu: «arrotzen artean hemen hiltzeko beldurra dut». Zer esan nahi du?
Aintzane Ziarretaren laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu