Laburpena
Justin Quayle bigarren mailako diplomatiko britaniarra Kenyara destinatu dute. Emaztea eraman du berarekin, kausa galduen alde borrokatzeko beti prest dagoen Tessa sutsua. Kenyan dagoela, eskala handiko ustelkeria kasu batean -gobernu britaniarra ere tartean dago- ikusiko du bere burua nahastua Tessak, berehala. Mehatxu arriskutsu bilakatzen denean, hil egingo dute. Horren ondorioz, emaztearen ikerketen berri ez zuen Justin emaztea benetan ulertzen hasiko da, eta hark amaitu gabe utzi zuen lana bukatzea erabakiko du.
Gaiak
Konfiantza, bidegabekeria eta elkartasuna
Konfiantza. Pelikulak barkamena oinarri duen bestearenganako konfiantza maitasun-harreman batean bi lagunen arteko topaketa ahalbidetzen duen prozesu gisa aurkezten du.
Bidegabekeria. Nahiz eta egoera ahulenean daudenen osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzten arren, mozkinak handitzeko hainbat enpresek aurrera daramatzaten ekintzak eta beren ondorioak aztertzen ditu pelikulak.
Elkartasuna. Istorioak mendebaldeko elkartasun-ereduaren kontraesanak jartzen ditu agerian, zeinak ahaleginak ahalegin, justiziari baino bere ongizateari ematen dion lehentasuna.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea... Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Konpromisoari buruz: Zerk bultzatzen gaitu gehien gure konpromisoetan: giza duintasunarekiko errespetuak ala norberaren errealizazioak?
· Maitasunari buruz: Frogek ematen duten ziurtasunean ala konfiantzan du oinarri maitasunak?
· Lehentasunari buruz: Geure berehalako premien, segurtasunen edota ongizatearen gainetik, giza duintasunari ematen diogu balio nagusia?
…pelikula ikusi ondoren
· “Bai, ados, enpresa batek zenbait afrikar hil ditu, emakumezkoak eta haurrak, baina horrek zer axola du? Ez al dira ba afrikarrak etengabe hiltzen?” Gutxi batzuen ongizateak legitimatzen al du askoren oinazea?
· Bidegabekeriak sorrarazten dituen sentimenduen aurrean bi jarrera desberdin dituzte Justinek eta Tessak. Zerk dakar Justinen jarreraren aldaketa? Jarrera pasiboa mantentzen dugu ala gauzak aldatzeko asmoz konprometitzen gara?
· “Kale egin nion, harenganako fedea galdu nuen” dio Justinek. “Ez, barkatu zintuen” erantzuten dio Sandyk. Zertan egiten dio kale Justinek Tessari, eta zer da Tessak Justini barkatzen diona?
Aitor Sorreluzen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu