Sinopsia
Hobeto joan beharko litzaizkioke gauzak Rafaeli: 24 orduz egiten du lan bere jatetxean, dibortziatua dago, alaba oso noizbehinka ikusten du, ez du lagunik, eta neskalagunarekin konpromisoa hartzea saihestu nahi du nola hala. Horiez guztiez gain, ama zahar-etxean du Alzheimerrak jota dagoelako, eta ez da aspaldian bera ikustera joan. Bizitza errotik aldatuko dioten zenbait gertaerei aurre egin beharko die orduan. Besteak beste, aitak amaren betiko ametsa betetzeko asmoa du: elizaz ezkontzea.
Gaia
Maitasuna, gatazka eta aukerak
Maitasuna. Bizitzan aurrera egitera bultzatzen gaituzten maitasunaren adierazpen-modu desberdinak islatzen ditu pelikulak.
Gatazka. Norberak bere buruarekin duen gatazkak lekua du filmean konpromisoari diogun beldurraren bidez.
Aukerak. Askatasuna eta maitasuna ulertzeko modu desberdinak ageri dira pelikulan, eta baita aukera bakoitzaren ondorioak jaso ere.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Familiari buruz: Zein da gure bizitzan familiari ematen diogun garrantzia?
· Lehentasunei buruz: Zerk du lehentasuna bizitzan? Zerk ematen dio zentzua gure bizitzari?
· Konpromisoari buruz: Nola uztar daitezke konpromisoa eta askatasuna?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer bilatzen du Natik Rafarekin duen erlazioan?
· Zergatik egiten du negar Rafak alabaren olerkia irakurtzen duenean?
· Zerk ahalbidetzen du Rafaren aldaketa istorioan zehar?
Aintzane Ziarretaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu