Sinopsia
Ramon Saizarbitoriaren izen bereko eleberrian (1976) oinarritutako pelikula. 70. hamarkada hasierako uda bateko goizeko 8ak dira. Ion, ETAko militantea, korrika bizian dabil Donostiako parte zaharrean zehar, polizia atzetik duela. Ihesaldi honetan egiten dituen azken metroetan, bere historia pertsonala ekarriko du gogora Ionek.
Gaiak: Frankismoa, erabakiak, denbora
Frankismoa. Filma frankismo garaian kokatzen da, 70. hamarkadatik atzera. Euskal Herrian diktaduraren jazarpena eta motibazio politikoko indarkeriaren aspektu batzuk ikusiko ditugu ETAkidea den protagonistaren eskutik.
Erabakiak. Erabaki batzuk hil ala bizikoak dira. Batzuetan oharkabean hartzen dira unean-uneko premiek bultzatuta, bestetan prozesu etiko kontziente baten emaitza dira.
Denbora. Pelikulak ez du modu linealean kontatzen istorioa: epe jakin bateko une zehatzak kontatzen ditu, kausalitate bat iradokiz. Horrez gain, protagonistaren bizitzako azken unean denbora luzatu egingo da. Denboraren jolasa pelikula osoan zehar ikusiko dugu.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Adiskidetasunari buruz: ze jarrera eta ekintzek osatzen dute adiskidetasun · Frankismoari buruz. Nolakoa zen eguneroko bizitza frankismoan zehar? Orain egiten dituzun ze gauza ezingo zenituzkeen egin orduan? Garai hura bizi izan zuten pertsonek zer kontatu izan dizute?
· Erabakiei buruz. Zeren arabera hartzen dituzu erabakiak? Emozioek, ondorioek, ideologiak… zerk hartzen du pisua? Ze erabakik ekarri zaituzte zauden tokira?
· Denborari buruz. Gertatzen al zaizu batzuetan denbora geldotzen edo arintzen dela sentitzea? Noiz eta zergatik gertatzen dela uste duzu?
…pelikula ikusi ondoren
· Protagonistaren txikitako oroitzapenak nola lotzen dituzu orainaldiko bere egoerarekin? Zer esanahi dauka sandaliak bustitzearen oroitzapenak? ETAkide izatea erabakitzeko ze beste bizipen izan dituela uste duzu?
· Azken 100 metroetan, bere heriotza ekiditeko modurik ba al zegoen zure ustez, bestelako erabakirik hartu izan balu? Ze erabaki?
· Madeleinek ze eragin izan du protagonistaren bilakaeran? Pelikulan emakumeen presentzia nolakoa da?
· Ze jarrerarekin hartzen du jendeak tiroketaren berria? Orduko giro soziopolitikoaz zer ondoriozta daiteke jendearen hitzetatik?
Ikusi online EiTBren eskutik: