Laburpena
Parisen ospea lortu ondoren, Frantziako sorterrira itzuli da margolari bat, haurtzaroa igaro zuen etxean bizitzera. Lorategi handi batek inguratzen du etxea, baina ez daki nola zaintzen den, ezta jakin nahi ere. Nahiago du bertako egunkarian iragarkia jartzea. Lehen hautagaia eta bakarra, hainbat urte pasa eta gero berriz ere bidean gurutzatu zaion ikaskide ohia da. Hura izango da lorazaina. Lorazainarekin duen eguneroko harreman horretan margolariak, ukitu inpresionisten bidez, hasieran jakin-mina sorraraziko dion eta gero, bere zintzotasunaz eta mundua ikusteko duen begiradaren xalotasunaz, harrituko duen laguna ezagutuko du.
Gaiak
Adiskidetasuna, jakinduria eta zoriontasuna
Adiskidetasuna. Desberdintasun sozialez, ekonomikoez eta kulturalez haratago, filmak haurtzaroan errotutako lotura afektiboen sendotasuna aurkezten du. Edozein oztopo gainditzeko gai diren eta topaketa ahalbidetzen duten loturak.
Jakinduria. Bizitza esperientziak, xalotasunak eta sen onak ematen duten jakinduriatik begiratzeko modua aurkezten du istorioak. Bizitzaren jabe bihurtu gabe, oinarrizkoa den horretan murgiltzeko abilezia duen jakinduria.
Zoriontasuna. Giza izaeraren muga aztertzen du istorioak, eta bizitzaren egunerokotasunean esker ona merezi duten errealitateak aurkitzeko ahalmenari egozten dio zoriona.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Adiskidetasunari buruz: Zertan oinarritzen dugu adiskidetasuna: beste pertsonarekin batzen gaituen eta besteari buruz dakigun horretan ala beste zerbaitetan?
· Edertasunari buruz: Zerbaitek hunkitzeko eta guregan zirrara sorrarazteko ezinbestekoa al da hori aztertzea eta ulertzea?
· Enpatiari buruz: Geure bizitza ditugun beharren, arazoen eta interesen inguruan mugitzen al da? Bizitzan inguratzen
gaituzten horiei buruz galdetzen diogu geure buruari?
…pelikula ikusi ondoren
· Zergatik garatzen dute laguntasuna “Delpincel”-ek eta “Deljardín”-ek, ez badute ia ezer komunean? Zer miresten dute bata bestearengandik?
· Zerk emozionatzen du “Deljardín”, eta zerk hunkitzen du?
· Zergatik aldatzen da “Delpincel”? Zein da bere lanek berriz ere ikuslearengan zirrara sortzeko arrazoia? Zergatik hasten da galdezka haren alabari eta emaztearen lagunari buruz?
Aitor Sorreluzren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu