Sinopsia
Andy Dufresneri, bankari gaztea eta arrakastatsua denari, bizitza errotik aldatzen zaio bere emaztea eta amorantea hil izana leporatzen diotenean, eta bizitza osorako Shawshank kartzelan sartzen dutenean. Kartzela leku krudela eta iluna da, eta Andyk bertan igaroko dituen lehen urteak oso gogorrak izango dira. Hasieratik bere jarrera gainontzeko presoena ez bezalakoa izango da: zuhurra eta barnerakoia da, baina, aldi berean, ausarta eta preso egotea modu berezian darama. Andy Red Reddingen lagun egingo da, ezohiko presoa eta guztiek errespetatzen dutena. Urteen poderioz laguntasuna are estuago bihurtuko da. Red ez dute presoek bakarrik errespetatzen, baita kartzelako zuzendari bihozgabeak ere. Harentzat kontulari lanak egiten ditu.
Gaia
Itxaropena, aukerak eta laguntasuna
Itxaropena: Itxuraz zentzu gutxien duen lekuan itxaropenak duen garrantzia deskribatzen du pelikulak. Edozer gertatu ere ken ezin diezaguketena da itxaropena. Aukerak: Aukera baten kontaketa da. Baldintza gogorrenetan gaudenean bizitzak eginarazten digun aukerarena, alegia: bizi ala hil.
Laguntasuna: Babesa, konpainia eta norberaren aukerez haratago ikusteko modu bezala ageri da laguntasuna filmean.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Itxaropenari buruz: Zer da itxaropena? Zertan oinarritzen dugu?
· Askatasunari buruz: Zer da libre izatea? Beldurra ematen al du askatasunak? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Zergatik zen Andy preso guztien artean desberdina? Zer zuen bere jarrerak desberdin egiten zuena?
· Zer esan nahi zuen «instituzionalizatuta« egoteak? Zergatik egin zuen buruaz beste Brooksek?
· Zer esan nahi du Andyk «guztia aukera bakarrera mugatzen da: bizitzen tematzea edo hiltzen tematzea» dioenean?
Begoña Gomezen laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu