Sinopsia
Julio Strassera fiskalaren, Luis Moreno Ocampo fiskalaren eta haren talde juridiko gaztearen benetako historian oinarritua. 80ko hamarkadaren erdialdeko Batzarrentzako Epaiketan diktadura militar argentinarreko (1976-1983) agintari gorenak erlojupekoaren kontra eta etengabeko mehatxupean akusatzera ausartu ziren. Daviden eta Goliaten arteko borroka, gutxien espero diren heroiekin.
Gaiak: justizia, indarkeria, giza eskubideak
- Justizia. Jorge Rafael Videlaren diktaduran jasandako terrorismoa salatzeko, Julio Strasserak eta Luis Moreno Ocampok, beraien gazte taldearekin batera, ahalik eta informazio eta testigantza gehienak bilduko dituzte errepresioaren arduradunak zigortzeko.
- Indarkeria. Diktaduraren oinarria zibilei ezarritako jazarpena izan zen. Izan ere, testingantza oso bortitzak entzuten dira epaiketan. Ekintza horiek kondenatu nahi dituzte bai fiskalek, biktimek eta Argentina herrialdeko biztanleriaren zati handi batek.
- Giza eskubideak. Zazpi urtez itzalean egon diren giza eskubideak defendatu eta babestu nahi da prozesu honekin. Jasandako bortizkerian, gutxi batzuen eskubideak bermatu ziren, pribilegioak bilakatuz. Beraz, epaiketa honekin, giza eskubideak goraipatzeaz gain, galdutako giza duintasuna berreskuratu nahi da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
… pelikularen aurretik
- Justiziari buruz: zer da justizia? Zer esan nahi da zerbait bidezkoa ez denean? Zertan oinarritzen gara hori epaitzeko? Ba al daude bidegabekeriak gaur egun? Zeintzuk?
- Indarkeria: zer da indarkeria? Zertarako erabiltzen da? Zergatik? Funts positiborik izan dezake?
- Giza eskubideak: zer dira giza eskubideak? Zertarako balio dute? Gaur egun bermatzen dira? Zergatik?
… pelikularen ondoren
- Zergatik egiten da epaiketa Justizia Zibilaren bitartez? Zer suposatzen du horrek? “Vamos a darles a los militares lo que ellos no les dieron a sus víctimas. Un juicio justo”. Zer lortu nahi da epaiketa honekin? Epaiketaren lehenengo egunean hau esaten dute militarrek: “no reconozco la legitimidad del presente tribunal”. Zergatik esaten dute hau? Zein da auzitegiaren erantzuna? Zer esan nahi du Luisen amaren deiak, Adrianaren testigantza entzun ostean? Zein da Videlaren jarrera Strasserak salaketa egiten duen bitartean?
- Strasserak ez du zaintza polizialik izan nahi. Zergatik? Fiskalek hainbat mehatxu eta pertsekuzio jasaten dituzte. Izan ere, epaiketako saio batean, mehatxu izan daiteken pertsona bat kanporatzeko, ahalegin gutxi egiten ditu komisarioak. Zergatik? Zergatik ezin diote laguntza eskatu poliziari?
- Zer nolako irainak, jazarpenak eta mehatxuak entzuten dira filmean? Ba al dago loturarik entzuten diren testigantzen artean? Berdin tratatzen zituzten gizon eta emakumeak? Epaiketara hurbiltzen diren biktimek gerora irainak eta mehatxuak jasaten dituztela ikusten da filmean? Zergatik?
- Zergatik ezarri zen errepresioa biztanleengan? Zer suposatzen du Trocolliren prentsa adierazpenak? Ze ideia helarazten du? Zergatik? Zergatik konbentzitu behar zaio erdi mailako biztanleriari epaiketa honen legezkotasuna bermatzeko?
- Zer esan nahi dute bi esaldi hauek?: “no en el olvido, sino en la memoria”. “Nunca más”.