Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2005

Iraupena: 115 min.

Herrialdea: Kanada eta India

Zuzendaritza: Deepa Mehta

Aktoreak:

Seema Biswas, Lisa Ray, John Abraham, Sarala, Manorma, Waheeda Rehman, Kulbushan Kharbanda, Raghuvir Yadav, Vinay Pathak, Ronica Sajnani

Produkzioa: Hamilton

Agua

Izenburu originala: Water

Sinopsia
Istorioa 1938. urtean gertatzen da, India kolonialean, Mahatma Gandhi buru zuen askapen-mugimenduaren garaian. Sinismen hinduen arabera, andre bat ezkontzen denean gizonaren beste erdi bilakatzen da. Beraz, hori hiltzen bada, emaztearen erdia ere hil egiten da. Liburu sakratuek alargunek hiru aukera baino ez dituztela esaten dute: senarraren anaiarik gazteenarekin ezkondu, senarrarekin batera su hartu edota erabateko abnegazioan murgilditako bizimodua besarkatu. Hileta izan zitekeen ezkontzak du leku: Chuya, zortzi urteko neskatoa, gau horretan bertan hilko den gizon batekin ezkontzen dute. Bere gorpua ibai sakratuaren ondoan erreko dute, eta Chuya beretzat aukeratu duten paturako prestatuko da. Ilea guztiz moztuko diote, eta alargunentzako «ashram» batean sartuko dute, non bizitza guztia pasa beharko duen.

Gaia
Kontzientziari entzutea, duintasuna eta bizitza

Kontzientziari entzutea. Ongi edo gaizki dagoena zer den esaten duten ideologien, tradizioen, erlijioen, ohituren, legeen eta abarren aurrean, pelikulak norberaren kontzientziari ere entzun behar zaiola erakusten du.
Duintasuna. Ashrametako edo alargunen etxeetako duintasunik gabeko baldintzez haratago, besteen nahiz norberaren duintasuna lortzea zilegi egiten duten bideak islatzen ditu filmeak.
Bizitza. Pelikula bizitzari, maitasunari, apaltasunari eta berezkotasunari egindako omenaldia da.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Askatasunari buruz: Zein da izan behar dugunaren inguruan gizarteak egiten duen presioak norberari uzten dion askatasun-tartea?
· Kontzientziari buruz: Zer gertatzen da gure sinismenak eta kontzientziak esaten diguna kontraesanean badaude?
· Ezjakintasunari buruz: Zeintzuk izan daitezke ezjakintasunaren ondorioak?

…pelikula ikusi ondoren

· Nork erabakitzen du zer den dagoen ondo eta zer gaizki?
· Pelikulan zehar sineskeriek, adur txarrek, eta abarrek markatzen dituzte erlazio sozialak. Aurreiritzi, tradizio eta ideologiaren aurrean zein eragin du eta ze leku du giza duintasunak?
· Urak norberaren intereserako erabilita fundamentalismo bihurtzen diren aurreiritziak, ohiturak nahiz tradizioa sinbolitzatzen ditu, baita bizitza, askatasuna, maitasuna… Pelikularen zein momentu eta eszenetan agertzen da tentsio hau?

Aitor Sorreluzen laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top