Sinopsia
Errumania komunismoaren azken egunetan. Otilia eta Gabita ikasleak gelakideak dira Bukaresteko ikasle-egoitza batean. Gabita haurdun dago. Bi gazteek hitzordua dute Mr. Bebe izeneko ezezagunarekin hotel merke batean Gabitari abortua egin diezaion…
Gaiak
Abortua, laguntasuna eta zapalkuntza
Abortua. Abortuak dakartzan dilema etikoen aurrean emakumeak bizi duen giza drama erakusten du pelikulak.
Laguntasuna. Laguntasuna nork bere burua besteari ematerainoko sakrifizio gisa erakusten du istorioak, eta gogoeta egiten du besteari emateak dituen mugei buruz.
Zapalkuntza. Klandestinitateko inguru batek sorrarazten duen zapalkuntza eta askatasun falta deskribatzen ditu pelikulak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Abortuari buruz: Posible al da abortuaren gaiaren inguruan irizpide etiko batzuk zehaztea?
· Beldurrari buruz: Nola egiten diogu aurre beldurrari? Bateragarriak al dira adorea eta beldurra?
· Isiltzeari buruz: Zer esan nahi du egoera gatazkatsu batean isiltzeak? Jarrera pasiboa erakusten al du horrek? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Zer gertatzen da benetan Adiren amaren urtemugako afarian?
· Zergatik laguntzen dio Otiliak Gabitari? Gabitak gauza berdina egingo al luke Otiliarengatik? Zergatik?
· Otiliak labana lapurtzen du medikuaren zorrotik, baita gizonak hotelean ahaztua uzten duen identifikazio-txartela ere. Zer esan nahi dute aztarna faltsu horiek?
· «Badakizu zer den egingo duguna? Ez dugu sekula honi buruz gehiago hitz egingo». Nolako ondorioak dakartza jarrera horrek? Zein da duten beste aukera?
Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu