“Maite dugun norbait desagertzean, denbora gelditu egiten da”
(In Limbo, European Human Rights Advocacy Centre)
Behartutako Desagertzeei buruzko Nazioarteko Lehen Kongresua egiten ari dira egunotan Genevan. Kongresuak gaiaren gaurkotasuna azaleratu nahi du, eta 900 parte-hartzaile bertaratu dira, bai eta online emankizunaren bidez konektatutako beste mila pertsona ere. Hori, zalantzarik gabe, errealitate horri erantzuteko beharraren erakusgarri da.
Desagertze behartua giza eskubideen urraketa larritzat aitortuta dago, eta Nazioarteko Konbentzio bat ere badu, dozenaka herrialdek berretsia; horri esker, denboran eta geografian hain hedatua dagoen praktika horren aitortzan aurrera egin ahal izan da. “Behartutako desagertzeak asko zabaldutako fenomenoa dira munduko hainbat eskualdetan eta garai historikotan, nahiz eta beti ez den ondo ezagutua eta ulertua izan. Desagerpenek sufrimendu krudela eragiten dute, denboran zehar hedatua eta eragin hedakorrak sortzen dituena bai senide zuzenenetan, bai desagerpen horiek gertatzen diren komunitatean”, gogoraraten du Baketik-ek argitaratu berri duen Elkarrizketak emakume bilatzaileekin argitalpenak.
Kongresuko lehen ordu hauetan, senideen, bizirik atera direnen, gizarte erakundeetako ordezkarien eta baita instituzioetako ordezkarien ahotsetan argi ikusten da desagertze behartua askotariko egoeretan gertatzen dela. Zalantzarik gabe, gatazketan duten presentzia areagotu egiten da, baina ohikoa da migrazio-testuinguruetan ere, non urtero milaka eta milaka pertsona desagertzen baitira herrialdeko hainbat eskualdetan. Behartutako desagerpena errealitate bat da, baita ere, eskubide urraketak salatzeko ahotsa altxatu eta haien aktibismoaren ondorioz desagertuak direnentzat.
Desagerpenak hainbat biktimario ere baditu. Nabarmena da estatu eta indar polizial eta militarren pisua, baina beste talde batzuen esku ere gertatzen da, askotan agintariak beraiek ere jakinaren gainean egonda.
Desagerpen hauek, ezegonkortasun emozional eta segurtasun ezaren giroarekin batera, komunitateetan errepresio atmosfera bat sortzen dute, bakea eraikitzeko bidean aurrera egitea eragozten duena. Krimen horien inpunitateak eta ikerketa faltak larritu egiten du komunitate osoarentzako muturreko zaurgarritasun egoera.
Emakumeak dira euren desagertutako senideen bilaketan lidergoa gehien hartzen dutenak. Seme-alabei, bikoteei, ahizpei eta anai-arrebei buruz ezer ez jakitearen egoera ulertezinari erantzuteko modu gisa hasten diren bideak hartzen dituzte. Bizirik atera direnen eta senideen ahotsak entzutearen garrantzia ere indartu eta seinalatu dute hainbat alditan kongresuan parte hartzen dutenek.
Erdialdeko Amerikako erakundeetako ordezkariek gogorarazi dute biktimen historiak entzuteko ariketa bera ere ahalduntzailea eta iraultzailea dela. Elkarrizketak emakume bilatzaileekin argitalpenean bildutako ahotsek agerian uzten dute, halaber, entzute horren, topaketaren garrantzia.
Erakunde askok aurrera egin dute nabarmen azken hamarkadetan, baina horrek ez du eragotzi desagertze behartuen errealitatea zabaltzen jarraitzea eta forma eta aurpegi berriak hartzea. Mekanismo eraginkorrak ikusarazteko eta sortzeko beharrak errealitate izaten jarraitzen du 2025. urte honen hasieran ere.
Maider Maraña – Baketik