Berradiskidetzea lantzen bideoteka

Euskal kasuan bakea eta berradiskidetzearen inguruko hausnarketa sustatzeko pelikulak eta dokumentalak barne hartzen dituen sailkapen bat sortu du Baketik-ek, helburu hezitzaile eta ez-komertzialekin. Pelikula bakoitzak gida didaktiko labur bat dakar berekin, pelikulen edukien inguruko azterketa eta hausnarketa erraztu, eta berradiskidetzerako bidean orientatzen laguntzeko asmoz.

LA PELOTA VASCA, Julio Médem (2003)

Euskal gatazkaren inguruan hirurogeita hamar laguni egindako elkarrizketetan oinarritutako dokumentala. Bere asmoa aspalditik datorren eta oinarri nazionalista duen arazoaren alderdi desberdinak islatzea da. Arazoaren ondorio suntsitzaileena ETAren borroka armatuak berean jarraitzea da. Alderdi desberdinen arteko elkarrizketarako gonbita egitea da dokumentalaren azken helburua; egun guztiz blokeatua dagoen ezinbesteko elkarrizketa politikorako gonbidapena.

LLUVIA SECA. Gorka Espiau (2011)

Euskal gatazkan nazioarteko bitartekariek egin duten lana azaltzen duen dokumentala da. Besteak beste, Irlandako edo Hegoafrikako gatazketan zuzenean esku hartu zuten pertsonak dira elkarrizketatuak. Bitartekari hauek emandako pausoak dira 2011n ETAk publiko egiten duen su-etenaren benetako eragileak, gatazkari konponbidea ematea ekar dezakeen normalizazio prozesu bat abiaraziz. Brian Currin bitartekari hegoafrikarraren lehen pausoetatik hasita, gerora garrantzia handia izan duten beste liderren esku-hartzeak garatzen doaz.

HABLAN LOS OJOS. Gorka Espiau (2012)

Dokumentalak Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutakoa azaltzen du, hainbat ikuspegitatik, sei lekukotzaz baliatuz. Bizipen desberdinak izan dituzten pertsonen arteko elkarrizketaren bidez kontatzen da historia hori: terrorismoaren bi biktima, odol delituengatik kartzelan 18 urte igaro dituen ETAko kide bat, tratu txarren ondorioz hil zen pertsona baten alaba, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal bat, eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari ohia. Dokumentala ETAk “bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea” erabaki zuela iragarri eta urtebetera egin zen, eta elkarrizketaren magiaz baliatuz, pertsonek hasieran elkarrengandik urrun zeuden jarrerak hurbiltzen joateko duten gaitasuna erakusten du. Lan honetan ia sentsibilitate guztiak jasotzen dira eta elkarrengana hurbiltzeko borondatea azpimarratzen.

GLENCREE. Maite Ibañez (2013)

Dokumental honek 2007an abian jarritako ekimen baten historia kontatzen digu. Urte hartan, Eusko Jaurlaritzako Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak deituta, Euskadiko biktima desberdinez osatutako talde bat elkartu zen, lehenengo aldiz. Esperientziak lau urte eta erdi iraun zuen, isilpean, eta hogeita hamar pertsona inguruk hartu zuten parte bertan. Dokumentalak biktima horietako batzuen lekukotzak jasotzen ditu, baita proiektuaren arduradunenak eta talde teknikoarenak ere. Kontakizuna 2012an amaitzen da, parte hartzaileek ondorioak dokumentu bateratu batean aurkeztu zituenean, jendaurrean.

LASA ETA ZABALA. Pablo Malo (2014)

Gertakari historikoei zorrotz lotu gabe, filmak Lasa eta Zabalaren kasua kontatzen digu. Ustezko bi ETAkideek Iparraldera ihes egin zuten, eta 1983an Guardia Zibilak bahitu, torturatu eta hil egin zituen. Euskadin "gerra zikinaren" gertakari larrienetako bat izan zen. Gorpuak ez ziren identifikatu hamabi urte pasa ziren arte. Orduan, prozesu judizial bat hasi zen, gertakari haien erantzuleak justiziaren aurrera eramaten ahalegintzeko.

RECONCILIACIÓN. Fermin Aio (2014)

Dokumental honek Juan María Uriarte gotzain emerituak idatzitako liburua du oinarri. Liburu horretan biktima desberdinen senitartekoen arteko elkarrizketak jasotzen dira: ETAren, Komando Autonomoen, GALen eta poliziaren gehiegikerien biktimak. Pertsona horiek gorrotorik gabe bizitzea lortu dute eta etorkizuneko elkarbizitzari laguntzea. Dokumentalean pertsona horien lekukotzak jasotzen dira, Juan Maria Uriartek adiskidetzearen inguruan egiten dituen gogoetekin batera.

BARRURA BEGIRATZEKO LEIHOAK (2012)

Bost Leiho

ZUZENDARIAK: Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Txaber Larreategi.

Bost euskal presoren erretratuak, bost zinegileren eskutik. Atxilotua izateko falta dituen egunak zenbatzen dituen neska gaztea. 17 urteren ostean Euskal Herrira itzuli den gizona. Preso den alabarekin izandako telefono elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama. Ziegako bakardadean bere burua topatu nahian ari dena. 20 urte beranduago, gaztetako lagun zaharrarekin harremana berreskuratzen duen ETAko buru ohia. Letra txikiz kontatutako bost istorio. Barrura begiratzeko bost leiho.

ASIER ETA BIOK. Aitor Merino, Amaia Merino (2013)

Asier eta Aitor ikastolan elkar ezagutu zuten eta 80. hamarkadako Euskal Herrian hazi ziren bi gazte dira. Urte batzuen buruan, Aitor Madrilera joan zen aktore izateko bere ametsari jarraituz; Asier, bitartean, eta bere laguna joan ostean, ETAn sartzen da. Aitorrek bere buruari galdetzen zion ea nola azaldu ziezaiekeen Madrilgo bere lagunei berak ere ulertzen ez zuen zerbait. Asier espetxetik atera bezain laster, film bat egitea erabaki zuen Aitorrek, Asierrek berak azaldu zezan bere erabakiaren zergatia. Filmak, hausnarketa etikoak eta kontraesanen sorrera landuz, azaldu nahi du nola litekeen pertsona bat ETAko kide baten lagun izan talde armatuaren ideiekin bat etorri gabe eta nola agertu daitekeen egoera hori hirugarren pertsonen aurrean.

HERIOTZAREN TRIANGELUA. Imanol Larburu, Jose Mari Salinas (2015)

Behin Franco hil zenean, muturreko eskuinaren mugimendua ez zen desagertu; are gehiago, beren hilketekin herritarrak ikaratu zituzten Triple A edo Batallón Vasco Español bezalako talde eta pertsonen sorrera elikatu zuten. Hilketa hauetako gehienak Astigarraga eta Andoainen artean dagoen gune batetan gertatu ziren. Gune honi “heriotzaren triangelua” deitu zitzaion. Dokumentalak toki honetan gertatutako zortzi erailketak kontatzen ditu biktimen senide eta adiskideen testigantzak erabiliz. Hauen bidez, dokumentalak denbora luzean zehar isildutako errealitate hau gehiago ezagutu dadila sustatu nahi du.

EL VALOR DE LA AUTOCRÍTICA, Karmelo Vivanco. (2015)

Dokumentalak terrorismoan aritu edo jarduera horretan lagundu ondoren, beren iraganaren irakurketa kritikoa egiten duten pertsonen lekukotzak aurkezten ditu. ETAko eta KASeko kide ohiak dira, Italiako Brigada Gorrietakoak, eta Ipar Irlandako IRA eta UVF unionistakoak. Indarkeriaren erabilerari uko egitera zerk eraman zituen azaltzen dute, gizarteratzeko esperientzia eta gaur egun bakearen alde duten konpromisoa. Lekukotza horien ondoan, biktimen, abokatuen eta adituen iritzia ere eskaintzen da, autokritikari buruz eta adiskidetzeari buruz.

MAIXABEL. Iciar Bollain (2021)

Maixabel Lasak bere senarra, Juan María Jaúregui, galdu zuen 2000. urtean, ETAk hilda. Hamaika urte geroago, ohiz kanpoko eskaera bat jasotzen du: hiltzaileetako batek berarekin elkarrizketa egiteko eskatu du Arabako Nanclares de la Ocako kartzelan, zigorra betetzen dabilen tokian, talde terroristarekin izandako loturak hautsi ondoren. Zalantzak eta min izugarria izan arren, Maixabelek baiezkoa ematen du eta aurrez aurre topatuko ditu bere senarraren bizitzarekin odol hotzean amaitu zuten pertsonak.

Scroll to Top