2023 honetan, Baketik-en apustu argia egin genuen gatazka eta indarkeriaren aurrean beste ikuspegi batzuk planteatzen dituen gizarte-aktibismoan diharduten pertsonen lana ikusarazteko: indarkeriari aurre egiteko elkarrizketaren alde egin zutenen eta biktimek beren begiradak planteatzeko eta indarkeriaren ondorioak agerian uzteko guneak eta ekintzak sustatu zituztenen lana, hain zuzen ere. Eta, gainera, pertsona horien guztien artean, bereziki nabarmendu nahi dugu emakumeek prozesu horietan egiten duten ekarpena.
Baketik-en abian ditugun beste proiektu batzuen artean, 2023an, Mugen Gainetik erakundeak proiektu bat garatzeko egindako gonbidapena onartu genuen. Memoria, ikuspegi feminista lokal-globaletik, bizikidetza baketsua eraikitzeko tresna gisa izenburupean, euskal gizartean eta Hego Amerikan bakearen eta giza eskubideen kultura bultzatzeko lankidetzan aritzeko asmoa dugu.
Argi eta garbi ikusten genuen honakoa: bai beste herrialde batzuetan garapenerako lankidetzan diharduten erakundeek, bai Euskal Herriko gizartearekin lan egiten dugunok, memoriaren arloko ekimenak bultzatzen ditugu, baina, jakina, Hego Amerikako edota Euskal Herriko testuinguruek badituzte beren berezitasunak. Talde-lan horrek, sinergia horrek, aukera ematen digu batzuk besteengandik ikasteko, metodologiak planteatzeko eta birplanteatzeko eta formula berrien alde egiteko, hemengo eta hango ekintzaileen artean elkar topatzeko.
Hala, bada, proiektuaren oinarrietako bat da euskal taldeak eta hegoamerikarrak indartzea, emakume boluntarioek eta aktibistek osatuak, pertsona horiek memoria eraikitzen duten rola balioesteko, emakumeek gatazka armatuetan izandako esperientziak eta ekarpenak ezagunak izan daitezen eta memoria eta kontakizuna eraikitzean emakumeen ahotsa barne hartzen dela bermatzeko.
Elkarrekin egindako lanaren lehen hilabete hauetan, talde horietan gaur egun aktibo diren emakumeak identifikatu ditugu, eta lehenengo bilerak bultzatzen ari gara. Bilera horien bidez, nola hautematen eta auto-izendatzen ditugun geure errealitateak partekatu eta gure rolari buruzko irakurketak planteatuko ditugu, gure testuinguruaren, errealitatearen eta bizi-esperientziaren arabera oso modu desberdinetan hautematen baitira.
Topaketa horiek, bai euskal emakumeenak, bai Hego Amerikakoak, jada aldaketak eragiten ari dira urteetan zehar giza eskubideen alde borrokatu dutenen perspektibetan. Eta ziur gara bi errealitateen arteko etorkizuneko topaketetan, ikaskuntza are adierazgarriagoa izango dela guztiontzat.
Gure bi erakundeentzat ere, Baketik eta Mugen Gainetik, hala izaten ari da; izan ere, guk ere, prozesuen bideratzaile gisa, ikasi eta berrikasi egin behar dugu memoria eta bake eraikitzaileei laguntzeko moduen inguruan.
Maider Maraña, Baketik