50 metrotara, milaka lagun Realaren eta Cordobaren arteko kopako partida ikusten ari ziren Anoetan. Ordu berdinean, Craj-eko areto batean, Izotz Jauregiaren ondoan, berradiskidetze-prozesuei buruzko ikastaro batean elkartuta geunden 40 lagun. Ezin izan nuen bete egitaraua. Neure azalpenen ostean, solasaldia nagusitu zen aretoan. Une berezia bizi izan genuen.
Duela 19 urte Andaluziatik Euskadira iritsi zen emakume batek bere beldurrak eta zalantzak adierazi zituen. Batek baino gehiagok erreplikarako gogoa izango zuen baina inork ez zion ezer eztabaidatu. Ondoren, 12 urtez eskoltarekin bizi izan den zinegotzi batek bere errealitatearen berri eman zuen. Ez zion inork erantzun.
Beste lagun batek Francok Donostia bisitatu eta bere aitak ezkutatu behar izaten zueneko bere haurtzaroko oroitzapenen berri eman zuen. Bere hitzek ere ez zuten kontrakorik entzun. Bahitua eta hil arte torturatua izan zen gazte baten arrebak bakerako testigantza eman zuen. Arretaz entzun zitzaion.
Gaztetan ETAren biltze-estrategiak pairatu zituela kontatu zuen beste norbaitek. Burgostik etorritako beste gizonezko batek geure gizartean nola integratu den adierazi zuen. Neska batek alderdi politiko desberdinetako gazteekin Irlandara egindako bidaiak berarentzat esan nahi izan zuena azaldu zuen. Horrelako beste hitz espontaneo gehiago egon ziren. Batek ere ez zuen erreplikarik izan.
Testigantzak eztabaidatzen diren ehundaka bileretan parte hartu izan dut adierazteko moduak zauriren edo bidegabekeria-sentimenduren bat ukitzen digulako. Atzo ez. Testigantzak elkar kontrajarri gabe entzun ziren. Errealitate guztia islatzen ez duen baina horren zati baten islada leiala den argazkia bezala onartu ziren.
Azken hamarkadetan, indarkeria, giza eskubideen urraketak, zatiketa, krispazioa, beldurrak, mesfidantzak eta abar etengabeak izan dira. Gizarte eta politika mailan baldintzatu gaituen historia traumatikoa bizi izan dugu. Baldintzapen hori gainditzen saiatzen da berradikidetzea.
Egon izan garen tokiaren arabera, modu desberdin batean baldintzatu gaitu. Atzo, testigantzaz testigantza, hori zein puntutaraino den erreala egiaztatu ahal izan genuen. Epaitu gabe eta sufrimendu bat bestearen aurrean jarri gabe entzun genuelako egin ahal izan genuen. Horrelako zerbait egongo da bakerako bizikidetza-kultura berri baten atarian.
Amaieran, pozik atera ginen ikastarotik berrogei lagunak. Bizitzako paradoxak, partida ikustetik buru makur ateratzen ari ziren milaka lagunekin egin genuen topo, Reala ez zen sailkatu. Errealitatea modu desberdinean ulertzera eramaten gintuzten bizipen desberdinak eduki genituen.
Jonan Fernandez