Argitalpenak

Bizitzako funtsezko ikaskuntza bat gure izaera mugatua onartzea dela uste du Baketikek. Ez dakigu guztia, eta ez dugu arrazoi osoa ere. Bizitza pertsonalean eta elkarrekin bizitzeko orduan ezinbestekoa da elkarrizketaren aldeko apustua egitea egiaren bilaketa partekatua sustatzeko. Atal honetan Baketikek hainbat gairen inguruko bere ikuspegia eta proposamenak aurkezten ditu, zu bezalako pertsonen arteko eta erakundeen arteko elkarrizketa horren abiapuntu bezala.

HURRENGOA ZU. Jazarpen-indarkeria eta mehatxu larriak Gipuzkoan 1975-2011

Egilea: Baketik Fundazioa (Aintzane Gamiz, Maider Maraña, Maialen Lizarralde, Ainhoa Azkarate)

Argitalpen hau En la diana: Amenazas graves y violencia de persecución en Gipuzkoa (1975-2011) Hurrengoa zu. Jazarpen-indarkeria eta mehatxu larriak Gipuzkoan erakusketarako egin genuen ikerlanean oinarrituta dago. Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta antolatu zuen, eta Baketik-eko lantaldeak jarri zuen martxan, euskal gizartearen sektore gehienei eragin zien indarkeria mota bat, jazarpen-indarkeria, Giza Eskubideen esparruan oinarriturik agerian jartzeko, haren biktimek isilean jasan baitute maiz askotan indarkeria mota hori.

Erakusketa 2024ko otsailaren 3an inauguratu zen Aiete Kultur Etxean (Donostia), eta testuak eta ikerlanak, irudiak, bideo- eta audio-grabazioak, biktimen zuzeneko lekukotasunak eta objektuak bildu genituen bertan, jazarpen-indarkeriaren barruan sailkatzekoak diren askotariko egoeren eragina erakusten zutenak. Jazarpen-indarkeria horrek hainbat eragile izan zituen, eta era askotako herritarrek jasan behar izan zuten. Hala eta guztiz ere, sarritan estali egiten dira haren inpaktu soziala eta hura jasan zutenen bizitzan zuzenean nahiz zeharka izandako ondorioak.

Beste elkarte, entitate eta erakunde batzuek aurretik eginak zituzten ikerlanetan, hemerotekan, testuingurua ulertzeko bidea eman diezaguketen elementu informatiboetan, kasu zehatzen azalpenetan eta Gipuzkoan indarkeria mota hori jasan zuten pertsonen zuzeneko lekukotasunetan oinarriturik antolatu genuen erakusketa, eta orain ere hori guztia hartu dugu ardatz argitalpen honetarako informazio eta datuak biltzeko. Hori dela eta, hizpide dugun gaia sakon-sakon ikertu duten beste egile batzuen erreferentzia bibliografiko ugari irakur daitezke argitalpen honen joanean.

Gipuzkoan eta, hedaduraz, Euskal Herrian izan diren giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu mota batzuk aitortzeko gai den gizarte bat eraikitzeko ahaleginari heldu eta erakusketa hark bizirik irauten duela bermatu nahirik, argitalpen honen asmoa zera da: zenbait lagunek jasan zituzten denetariko jazarraldi eta mehatxuak agerian jarri eta ezagutaraztea, haien kontakizunetan arreta berezia jarrita.

Scroll to Top