Nondik sortu da ikerketa hau?
Emakumeek Nafarroan bakea eraikitzeko egiten duten lana du ardatz lanak. Argitalpenean ondo ikusten denez, emakumeen eta bakearen arteko lotura ez da emakumeen bakerako joera natural gisa ulertu behar. Bai emakumeak bai gizonak, neurri berean, bakea eraikitzeko gai dira. Hala ere, genero-rolak eta, oro har, gizarte patriarkalaren testuingurua direla eta, emakumeek etxean nahiz gizartean beren gain hartzen duten lana askotan ikusezin bihurtu da, eta ez da apenas aitortzen.
Mundu mailan, gertaera hori bake-prozesuetako negoziazio-mahai politikoetan emakumeek izan duten parte-hartzearen datuetan islatzen da. Testuinguru horietan, emakumeek esparru politikoan duten ordezkaritza falta kezkagarria izan da hainbat eragilerentzat, gizarte zibiletik hasi eta nazioarteko erakundeetaraino. Horren erakusle da NBEak 2000. urtean emakume, bake eta segurtasunari buruz onartutako 1325 Ebazpena.
Askotan, emakumeek egindako jarduerak ez dira politikotzat hartzen, nahiz eta eragin handia izan gizartean eta komunitatean. Emakume bakegileak: Emakumeek bakea egiten dute lanak emakumeen lana aitortzen du gizartea eraldatu eta bertan eragiteko gaitasuna duten eragile politiko gisa. Gainera, Nafarroan bakearen aldeko ekimenetan parte hartu zuten emakumeen kontakizuna berrezagutzen da bertan.
Helburuak
Ikerketa honako hipotesitik abiatzen da: emakumeen lana ez dela aski ikusia, baloratua eta aitortua izan bigarren maila batean uzten dituzten genero-rolak direla-eta. Urte zailetan eta hainbat modutan bakea eraikitzen lagundu zuten pertsona guztiak aintzat hartuta, argitalpen honek Nafarroan bakearen aldeko ekimenetan aktiboki parte hartu zuten emakumeak hartzen ditu oinarri, haien lana agerian jartzeko.
Horretarako, 21 pertsonekin egin dira elkarrizketak eta talde-eztabaidak, gehienak Nafarroako bakearen aldeko hainbat ekimenetan aktiboki parte hartu zuten emakumeak. Emakume horiek, aktibismo politikotik, gehiago edo gutxiago onartua, egungo motibazio politikoko indarkeriarik gabeko gizarte nafarra aldatzen eta eraikitzen lagundu zuten islatzat hartzen dira.
Ildo horretatik, bai aurkezpen-ekitaldi publikoa bai argitalpena bera, oro har bigarren mailan jardun duten emakume horientzako aintzatespen eta topagune izan daitezen sortu dira. Bada ordua erdigunean jartzeko.
Haiekin hizketan
Topaketak gidatzerakoan bost alderdi hartzen dira kontuan: bakea, parte-hartzea, generoa, iragana eta etorkizuna. Gehien errepikatzen diren gaietako batzuk nabarmentzen dira argitalpenean eta aipuekin irudikatzen dira testuinguru horietan emakume izateak sortutako hausnarketak.
Honakoak dira nabarmenduako zenbait gai: bakerako aktibismoan nola hasi ziren; beren ekintzen zentzu politikoaren kontzientzia; garai hartako erakunde aktiboen arteko desberdintasunak; zenbait une eta erabakiren inguruko beldurrak —eta, harekin batera, ausardia—. Jakina, generoaren auziak protagonismoa hartzen du aktibismoaren esparruan gertatzen diren gizarte-dinamikez hitz egiten denean. Horren adibide dira ikusgarritasun handiagoko postuetan gizonezkoak nonahi agertzea edo emakumeek aktibismoari eta/edo erantzukizuneko karguei uko egitea, etxeko eta familiako beste zainketa-funtzio batzuei erantzuteko.
Ikerketak, azkenik, emakume horiek gaur egungo bakerako mugimenduei buruz duten ikuspegia azpimarratzen du. Izan den aldaketa sumatzen dute, gaur egun bakearen aldeko aktibismoak —giza eskubideen defentsatik ulertuta— borroka-mota ugari hartzen baititu.
Gakoak
Ondorio moduan aipatzen den gaietako bat elkarrizketa- eta eztabaida-prozesuak berak parte-hartzaileengan izan duen eragina da. Bakegintzan eta giza eskubideen defentsan parte-hartzeak duen garrantziaz jabetzea eta bere kontakizunean genero-ikuspegia sartzea, hein batean, bere esperientziaz hitz egiteko (bere ikuspegitik eta baldintzatzaileetatik) ikerketak eskainitako espaziotik abiatutako prozesuak izan dira. Emakume horien lana ikusarazi eta aitortzeko, ezinbestekoa da hitza hartzeko, elkar ezagutzeko eta ezagutarazteko gune bat izatea.Parte hartu duten emakumeengan urte haietan bizi izandakoak eragin nabarmena izan du. Aktibismoari esker esparru politikoan eta eragin eta eraldaketa sozialeko lanetan sartu ziren asko. Aktibismo horrek aktibo jarraitzen du horietako askorentzat, gaur egungo gizarte-mugimenduetan parte hartzen baitute, bakerako lana oraindik amaitu ez dela adierazten baitute. Argitalpenean ondo adierazten den bezala, emakumeek mugimenduak aldatu zituzten, eta mugimenduek emakumeak.