Argitalpenak

Bizitzako funtsezko ikaskuntza bat gure izaera mugatua onartzea dela uste du Baketikek. Ez dakigu guztia, eta ez dugu arrazoi osoa ere. Bizitza pertsonalean eta elkarrekin bizitzeko orduan ezinbestekoa da elkarrizketaren aldeko apustua egitea egiaren bilaketa partekatua sustatzeko. Atal honetan Baketikek hainbat gairen inguruko bere ikuspegia eta proposamenak aurkezten ditu, zu bezalako pertsonen arteko eta erakundeen arteko elkarrizketa horren abiapuntu bezala.

Elkarrizketak emakume bilatzaileekin. Behartutako desagertzeen aurkako borroka eta bakearen eraikuntza

Egilea: Maider Maraña

“Elkarrizketak emakume bilatzaileekin. Behartutako desagertzeen aurkako borroka eta bakearen eraikuntza” da Maider Maraña Baketik-eko zuzendariak ICIPrentzat sinatzen duen azken txostenaren izenburua. Dokumentu horrek behartutako desagertzearen fenomenora hurbiltzen gaitu, emakume bilatzaileen ikuspegitik. Txostenak desagertutako pertsonak bilatzen dituzten emakumeengan jartzen du arreta bereziki, hala nola, horiek bake-eragile gisa duten rolean baita ere.

Guztira, zazpi kasu dira txostenaren muina. Kasu gehienetan, emakume bilatzaileak dira (Euskadikoak zein Latinoamerikakoak) eta baita bilaketa horietan edo senideei laguntzean estuki inplikatuta dauden pertsonak ere. Talde horretaz gain, ICIPek 2023ko azaroan antolatu zuen desagertutako pertsonen senideen nazioarteko topaketan ateratako zenbait ohar eta ondorio ere jasotzen dira. Topaketan, elkarrizketetan sortutako gai batzuetan sakontzeko aukera izan zen, focus group gisa.

Txostenak elkarrizketa horiek solasean jartzen ditu, eta, hala, haien ekarpenak osatu egiten dira, genero-ikuspegitik, bilaketa-prozesuaren eta bakearen eraikuntzaren arteko loturaren alderdi desberdinak jorratu ahala. Honako puntu hauetan garatzen da elkarrizketa hori: bilaketa-prozesuan, emakume bilatzaileen pertzepzioetan, bilaketa-prozesuan emakumeen artean sortzen diren harremanetan eta bakearen eraikuntzan. Kontakizunen arteko solasaldi horrek aukera ematen du, kasu oso desberdinak izan arren, bilaketa-esperientzien arteko elkarguneak aurkitzeko. Bilaketa-esperientzia horiek dokumentuaren azken hausnarketetan biltzen dira.

Azterlan hau, halaber, lanaren oinarrizko premisa ulertzeko eta ikertzeko ahaleginen lehen urrats gisa ulertzen da; hau da, emakume horiek bakearen eraikuntza sustatzen duten eta, aldi berean, haiek rol horretan beren burua hautematen duten aztertzea. Azken batean, hemen kokatzen diren kasuek oinarri komun bat sortzea ahalbidetzen dute, eta oinarri horretatik abiatuta, desagertutako pertsonak bilatzeko lanen eta bakea eraikitzearen arteko harremana ikertzen eta sakontzen jarraitu beharko da.

Scroll to Top