Adiorik Gabe
terrorismoaren eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuen biktimak aitortzeko ekimen artistikoa da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak bultzatu zuena.Hiru urteren ondoren, ekimenaren legatuduna den Donostiako Udalak edizio berri bat sustatu zuen 2019ko apirilean. Baketikek, Ereiten Kultur Zerbitzuak erakundearekin batera, proiektuaren koordinazioan eta lanketan parte hartu zuen. Edizio honetan Gladys del Estal Ferreño, Jose María Elicegui Diez eta Jose Francisco Arratibel Frutos ekarri ziren gogora, diziplina anitzetako artistek sortutako piezen bidez. Zehazki, Koldo Almandoz, Olatz Beobide, Juantxo Zeberio eta Aiert Beobide izan ziren zuzendari artistikoak. Ekitaldia Donostiako parte zaharreko Antzoki Zaharrean izan zen, 2019ko apirilaren 6an, eta toki guzti-guztiak bete ziren.
Euren bizitzak bidegabeki ukatu zizkieten pertsona horiek gogoratu eta humanizatzeko ekitaldia eta topagunea da. Gizatasunez betetako memoria errestauratibo bat lantzeko ariketa kolektiboa. Pertsona horien bizitzetara itzultzeko saiakera bat, euren hurbilekoenen oroitzapen eta testigantzak proposamen artistiko bilakatuz, partekatuz eta sentituz. Arteak bizitzen laguntzen digu, bai hau sortuz, zein behatuz. Pentsarazi egiten digu, plazera sortzen digu, edo mina, edo emozio-sorta izugarri zabala. Bizitzen laguntzen digu. Artea behar dugu, oxigenoa behar dugun bezalatsu.
Artisten hitzak
(Ekitaldiko libretotik ateratako testuak)
Biziak bere baitan du amaiera, hori da bizilegea, eta ahal den guztietan pertsonek agur esaten diogu alde egin behar duenari. Baina bada beste lege bat, hotza bezain arrotza, gizakiak inposatzen duenean ezartzen dena: pertsona batek bestearen biziarekin amaitzen duenean. Hor, adiorik gabe geratzen –dira- gara. Horregatik, hain zakarki joandako pertsona hauek, gogoratu eta ezagutu nahi ditugu, ondoan sentitu, azkenean merezi zuten eta esan ez genien “ez adiorik” esateko.
Olatz
Hirokazu Kore zuzendariaren After Life (1998) filman, hil berriak diren pertsonak mendian kokaturiko bainuetxe-limbo antzeko batera joaten dira. Bertan, beraien oroitzapen bakarra aukeratzeko eskatzen zaie, bizitzako memoria izango dena. Behin hautaketa eginda, zinema talde bat oroitzapen hori grabatu eta berreraikitzeaz arduratzen da. Grabaketa amaitzean hildakoak bainuetxea uzten du bere oroitzapena ontziratuta daramalarik. Baina nola aukeratu dezakezu oroitzapen bakarra? Nola baztertu beste guztiak? Nola laburtu oroipen bakar batean zure bizitza osoa?
Pieza honek memoria zerbait mugagabe, aldakor eta defini ezinezko bezala aldarrikatu nahi du. Memoria linbo bezala. Horretarako, Gladys-en hainbat lagunekin elkartu gara, beraien oroitzapenez hitz egin eta batez ere entzuteko: gardenak eta partekatuak, zehaztugabeak eta pertsonalagoak, ustekabean berpizten direnak eta orain arte isilpean gordeak. Gladys-en erretratu bat osatzen lagundu digute guztiek. Egin litekeen erretratu bakarra ez, baina bai beharrezkoa den bat.
Pelikula-ibilaldi hau, elkarrizketa hartako transkripzio (laburtua) eta parketik sortu da. Ofizialki bere izena ez duen arren, bere izana duen parkea baita.
Koldo
Mayi, mundu honetan igaro zenuen denbora tarte laburrean ausarta eta ingurukoen babesle zinela erakutsi zenuen. Musikaren, abestien eta itsasoaren maitale, eta eskuetara iristen zitzaizun edozein gauza konpontzeko trebezia bereziarekin. Kotxeak, zure pasioa. Adin nagusitasuna bete bezain azkar seiscientos haren motorra zeharo aldatzeko gaitasunak adierazten zuen mekanikarako zenuen berezko trebetasuna…
Bat-batean etendako bizitza, bizitza laburregia. Eta horrek zure ingurukoetan sortu zuen zauria. Denborak orbaindu izanari esker eragiten duen mina gutxitu duen zauria. Bai, galdu dena betiko galdu dela eta atzera bueltarik ez duela onartzeko ibilbide malkarra zeharkatu behar delako. Baina horri esker, gure ariman, zure alboan bizitako garai eder horiek maitasunez gordeko ditugu betiko.
Aiert
Habanako malekoitik Tolosako Iñauterietaraino basamortuko Kabilatik barrena. Doinu hauek guztiek hunkitu dituzte gure gorputz-arimak urtez urte, Iñauteriz Iñauteri. Baina, une batean, tragedia greziar batean bezala, musika isiltasun bihurtzen da eta denbora gelditu. Urrunean entzun daitezkeen bonbardino doinu solte horiek goizaldeko argi lausoa labanez ebakitzen dute. Zoriak zenbaki madarikatua atera du. Bizitzak aurrera darrai, baina ez guztiontzat. Urrunean txaranga baten oihartzuna, baina alferrik da…ez du zuzendaririk.
Juantxo