Sufrimendura gerturatzea: gizatasunerako aukera bat (IV)

Sufrimendura gizatasunez gerturatzeko konpromisoak


Aurreko idatzi multzoan zehar, biktimen sufrimendura enpatiaren bidez gerturatzeko giltzarri batzuk ikusi ditugu, eta galdera honi erantzunez bukatu nahi dugu: zeintzuk dira prozesu honetan beharrezko konpromisoak?

·Lagunduz. Ezin ditugu bazter utzi, ezin dugu euren egoeraren aurrean ezikusiarenak egin, ezin diogu sufritu eta sufritzen duten dramari muzin egin. Herritar bezala biktimekiko elkartasuna pertsonalizatu behar dugu, kontuan hartuz kasu bakoitzak errealitate desberdin bat dakarrela berarekin. Eta talde bezala, elkartasun hau gizarteratu eta azaleratu behar dugu.

·Euren eskubideen bitartez. Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea. Haietatik datoz gizartearen betebehar batzuk ere: onarpenerako eta guztizko errehabilitaziorako eskubidea; erakundeen arteko koordinazioaren bitartez beharrezko babes materiala jasotzeko eskubidea; eta sufritu zutenarekiko oroimen kritikoa lantzeko eskubidea jorratzeko espazioak eskura izatea.

·Giza duintasunarekin. Sufrimenduak eta haren ondorioek ez dute atzera bueltarik. Biktima izaerak bizi osoan iraungo du biktimarengan. Hau bere bizitzaren alderdi bat izan daiteke, edo haren bizitza guztiz totalizatu dezake. Giza duintasuna duelako, biktima bere mina eta bere biktima izaera baino gehiago da. Biktimak euren giza duintasunaren jabe izan daitezen laguntzeko konpromisoa hartu behar dugu.

·Desjabetzearekin. Inork ezin du biktimen kausaren jabetza hartu edo protagonista izan, inork ez daukalako sufrimenduaren esklusiba. Biktimekiko elkartasuna bakoitzak defendatzen duen arrazoi politikoaz aparte eskaini edo onartu behar da, giza-duintasuna defendatzeko konpromisoa izanik arrazoi bakarra.

·Adostasunarekin. Biktimekin zerikusia duen edozertan, funtsezkoa da “amorru-ezarekin” konpromisoa hartzea eta aldebakartasunez ez jokatzea. Biktimen aldeko pauso bakoitzarekin elkartzen gaituen hori bilatzera egin behar dugu, eta ez zatitzen gaituen hori bilatzera.

Konpromiso hauek hartuta berradiskidetzetik geroz eta hurbilago dagoen gizarte bat sortzen egongo gara. Sufrimendua bizitzaren zati saihestezina  da, baina hemen jorratzen dugun kasuan, biktimen bizipenarena hain zuzen, bidean laguntzeko, gizatiartzeko eta giza duintasunaren errespetua geure harremanen oinarria izango duen bizikidetza sortzeko asko egin dezakegu eta egin behar dugu.

 

Iker Uson

 

Aurreko artikuluak:

(I)

(II)

(III)

Scroll to Top