Gizakia gizaki denetik, beti izan du joera bere tankerakoekin erlazionatzeko: antzeko adin, genero, klase sozial, hezkuntza edo sinesmenak dituztenekin. Honek zerikusia dauka Abraham Maslowk egin zuen giza-beharren teoriarekin ere: hark zionez, gizakiak oinarrizko beharrak (elikadura, aterpea) eta segurtasunezkoak (babesa, etxea, lana) aseta dituenean,
talde baten parte sentitzea bilatzen du, hori da hirugarren beharra. Eroso sentitzen gara hor, jendea ulertzen dugu, jendeak ulertzen gaitu. Kito, zertarako konplikatu? Askoz errazagoa da bizitza inguruan arrazoia emango dizun jendea badaukazu.
Gauza bera gertatzen ari da sare sozialetan ere. Haietan gure antzeko gustuak dituztenekin, musika bertsua entzuten, egunkari bera irakurtzen edo telesail bera ikusten dutenekin erlazionatzen gara gehien (edo haiekin bakarrik), besteek traba egiten dute askotan. Hor dituzu bai, baina, gaizki ez gelditzeagatik onartu zenituen. Laguntzat ditugu haietako asko, baina zaletasun bat baino ez dugu konpartitzen asko jota. Ezezagun hutsak gara elkarrentzat. Komunikaziorako tresnak omen dira sare sozialak, inoiz baino gehiago komunikatzen omen gara, egun osoa gaude komunikatzen, bai. Baina zer, noiz, nola, norekin, zergatik? Eta, garrantzitsuena: zertarako? Hemen dago gakoa.
Geure ideiak berresteko “komunikatzen” gara; horrela edo hala pentsatzen duen bakarra ez zarela frogatzeko; zuri gustatzen zaizuna besteen gustukoa dela baieztatzeko. Hori nahikoa ez eta, batzuetan, jarriko duzu, zeuri gustatu ez arren, besteei gustatuko zaiela dakizun zerbait, eta ondo sentituko zara feedbacka positiboa bada; horrek zerbaiten parte izatearen lasaitasuna emango baitizu. Baina, zeren parte? Zeren truke?