
Joan den uztailaren 4an, Donostian egin zen Euskal Herriko Mentoretza Sozialeko Erakundeen II. Topaketa, eta aukera paregabea izan genuen gure programen orainaz eta etorkizunaz sakon hausnartzeko. Oraingoan, bi ardatz nagusi izan ziren hizpide: genero-ekitatea eta mentoretza sozialaren rola herritartasunaren eraikuntzan.
Mentoretza Sozialaren Koordinakundeko (CMS) Genero eta Intersekzionalitate Batzordeak urrats garrantzitsu bat eman du: genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia mentoretza-programetan txertatzeko gida praktiko bat prestatu du. Gida hori Donostiako topaketan aurkeztu zen eta talde kontraste batean hainbat erakundetako profesionalekin partekatu eta aztertu ahal izan genuen. Saio horretan egindako ekarpenek gida aberasteko eta testuinguru desberdinetara egokitzeko balioko dute.
Jardunaldiak utzitako mezu nagusietako bat izan zen urrats txikiei balioa ematea. Ez da beharrezkoa hasieratik gehieneko helburuetara iristea; izan ere, ez dira erakunde guztiak baldintza beretan daudenak aldaketa guztiak berehala aplikatzeko. Garrantzitsuena da bide hau abiatzea, mentoretza bidezkoago eta inklusiboago baten alde lanean hasteko.
Bestalde, mentoretza sozialaren eraldaketa-gaitasunaz ere hausnartu genuen, herritartasunaren eraikuntzari begira. Pertsona bat laguntzea ez da soilik ekintza indibidual bat, baizik eta gizarte-eraldaketarako lehen urratsa ere bada. Komunitate- eta eskubide-ikuspegitik ulertuta, mentoretza soziala gizartea eraldatzeko motorra izan daiteke, baldin eta garapen pertsonala herritarren parte-hartzearekin eta justizia sozialarekin uztartzen baditu. Konfiantzan eta laguntzan oinarritutako harreman horien bidez, bai mentoreek bai mentoratuek hazteko aukera dute, gizartearekiko konpromisoa sendotzeko eta herritar aktibo, kritiko eta arduratsuak eraikitzeko bidean aurrera egiteko.
Laburbilduz, jardunaldi emankor eta beharrezkoa izan zen, mentoretza soziala aldaketarako tresna gisa indartzen duena eta benetako berdintasunaren aldeko bidean urratsak ematen jarraitzera bultzatzen gaituena.Baketikek sustaturiko topaketa hau Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker egin ahal izan da.





