Ituak ohikoak izan ziren gure herri-hirietan, kaleetako paretetan margoketa egozgarriak han-hemenka egoten ziren hainbat eta hainbat lekutan. Gure inguruan, indarkeriazko errealitateak asko eta askotarikoak izan dira, eta oraindik ere errealitate horren ezpal guztiak lantzeko daude, bai eta horrek guregan eta gure gizartean izandako inpaktua ere.
Iraganean jasandako indarkeria horretara hurbiltzeko ahaleginean, joan den hamarkadan aurrerapauso handiak eman ditugu bai Euskal Herrian eta bai, zehazki, Gipuzkoan ere: gurean gertatu diren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketak bideratu dituzte hainbat eta hainbat erakundek, tartean baita udalek ere, eta gero eta sarriagoak dira biktimengana gerturatzeko eta biktimak aitortzeko ekimenak.
Indarkeriaren biktimak aitortze aldera azken urteetan sustatutako ekintza horiek guztiek nabarmen errazten dute indarkeriaren ondorioen ezinbesteko aitorpena, bai eta giza eskubideen urraketek eragindako oinazearena ere. Aitorpen horri dagokionez, arreta berezia jarri zaie, eta ezin zen bestela izan, bizitzeko eskubidearen kontrako urraketen eta osotasun fisiko, psikiko eta moralen kontrakoen biktimei.
Behin urraketa horiek aitortuz gero —eta betiere kontziente izanik lan handia dugula aurretik biktima guztien aitortza bermatzera iristeko—, aurrera egiten jarraitu beharra daukagu, eta giza eskubideen beste urraketa larri ugari ere aztertu, halako errealitateak ezin konta ahala baitira: pertsonen aurkako mehatxu larriak eta jazarpen-indarkeria; babes-zerbitzuak/eskoltak behar izan dituzten pertsonak; estortsio ekonomikoa; adierazpen-askatasunaren aurkako mehatxu eta murrizketak; legez kanpoko atxiloketak; bozkatzeko edo hautetsia izateko zailtasunak; ondasun higiezinen, ibilgailuen eta bestelakoen aurkako erasoak; sabotajeak; kale-borrokako ekintzak, etab. Tamalez, errealitate horiek eta beste askok inpaktu bortitza izan dute halakoak jasan behar izan dituztenengan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz antolatutako erakusketa martxan jartzeko, Baketik-eko lankideok urtebete baino gehiago eman genuen ikerketa-lanean: indarkeriaren inguruan gaur egun dauden ikerlan eta azterlanak bildu, bateratu eta indarkeria mota horri buruzko ahalik eta lan orokor eta biribilena egin nahi izan dugu haren bidez.
Baketik-entzat ez da erraza izan emaitza hau sortzea: oraindik ere ez dakigu behar beste jazarpen-indarkeriari buruz, haren mugak ezezagunak dira herritar askorentzat, eta, batez ere, oso zaila da indarkeria mota hori dokumentatzea. Sarritan, datu errealistak eskuratzea utopia hutsa izaten da. Eta errealitate asko daude erakusketa honetara ekarri ezin izan ditugunak, oraindik ere aztertzeke jarraitzen dutelako.
Indarkeria mota horrek eragindako biktimazioek kalte iraunkor eta oso larriak utzi zizkieten halakoak jasan zituztenei, haien familiei eta inguru osoari.
Aipatu nahi dugu, halaber, jazarpen-indarkeriak joera desberdineko eragileak izan dituela gurean —pertsonak, elkarteak nahiz kolektiboak—, garaiaren eta testuinguruaren arabera.
Horregatik, bai Baketik-ek eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak argi adierazi nahi dugu jazarpen-indarkeria erakusketa edo argitalpen bakarrean biltzea ezinezkoa dela, halakoak jasan dituztenak adina kasu baitaude. Hori dela eta, orain aurkezten dugun argitalpen hau gonbidapen bat da gehienbat, lehen urrats bat, gure gizarteak indarkeria mota hori ezagutu eta aintzat hartu dezan. Oraindik lan handia dugu egiteko, bai gure lurraldean eta bai tokian tokiko erakundeen aldetik, gure kaleetan pairatu den jazarpena ikusarazteko.
Eta amaitu baino lehen, beste zerbait ere argi utzi nahiko genuke, hau da, jazarpena ikusarazte horretan, errealitate horietako protagonisten parte-hartze eta protagonismoa abiapuntutzat hartzea izan dela gure helburua. Erakusketan, hainbat pertsonaren testigantzak izan genituen, eta, haien eskuzabaltasunari esker, beren hitzak gurekin partekatu dituztenen ikuspuntuak geure egin ahalko ditugu. Mila esker zuen ahotsaren ekarpena egin diguzuen guztioi.
Erakusketa hau bisitari bakoitzari egindako dei bat izan zen, bere esperientzia lot zezan bere garaian erakusketako panelen eta audioen bidez beren bizipenen berri eman zigutenen eta orain argitalpen hau osatzen duten lerroetan jasotzen dugun esperientziekin. Panel haiek eta lerro hauek sortu izanaren asmoa argia da oso: elkar entzuteko eta bizi izandakoa ulertzeko gune bat irekitzeko gai izatea, alegia.
Eta, jakina, bai erakusketak eta bai argitalpen honek, datuen, bizipenen eta indarkeriaren ondorioen krudeltasuna planteatzez gain, bi-biek beste gai bat ere lantzen dute amaierako zatian, eta guk uste eta konfiantzarik zintzoena dugu azken zati horretan, bertan biktimen erresilientzia lantzen baita. Giza eskubideen urraketa horien aurrean erantzuteko eta indarkeriari buruzko bestelako ikuspuntu eta posibilitateak emateko gai izan da sarritan gizarte osoa, batez ere egunero-egunero jazarpen-indarkeria jasan behar izaten zutenak. Biktima askok egin dute bide hori, eta horrek sendotu egin ditu.
Horregatik guztiagatik, erakusketa hura eta argitalpen hau beren burua mehatxupean sentitu zutenei egindako aitortza eta omenaldi txiki bat dira. Gurean hamarkadetan eraso horiek sufritu dituztenen aldeko aitorpen bat izan nahi dute orri hauek.
Espero dugu argitalpen hau zuei ere lagungarri gertatzea hamarkada haietako zuen bizipen pertsonala zein izan zen aztertzeko.
Maider Maraña
Baketik