Gida didaktiko hau «Memoria, ikuspegi feminista lokal-global batetik, bizikidetza baketsua eraikitzeko tresna gisa» proiektuaren baitan sortu da Mugen Gainetik eta Baketik-ekin arteko elkarlanetik. Gida hau irakasleek bakeari eta bizikidetzari buruzko arloan tresna gisa erabiltzeko proposatzen da. Ildo horretan, berritasun bat dakar, alegia, genero-ikuspegia barne hartzen duela eta bai toki-mailako bai mundu-mailako kasuak eta esperientziaekarpenak barne hartzen dituen ikuspena erabiltzen duela. Zehazki, Euskadiko eta Kolonbia, Guatemala eta El Salvador herrialdeetako kasuak aztertzen dira.
Norentzat? Zertarako?
Gida hau DBHko 4. mailako eta batxilergoko 1. mailako ikasleekin jorratzeko diseinatu da. Proposamen honetan herritartasunaren gaitasuna lantzen da, zeinak barne hartzen baitu «giza eskubideen errespetuan oinarritutako kultura demokratiko baten berezko balioak modu kontzientean bereganatzea» (Hezkuntza Ministerioa). Gazte-talde horiekin lan egingo denez, gida honen helburua da kontakizunean nagusi diren diskurtsoen marjinetan badiren diskurtsoak eta errealitateak aintzat hartzen dituen gogoeta bat sustatzea. Era berean, giza eskubideak oinarri argumentaltzat hartzen dituzten eta gizartean dauden jokabideak eta jarrerak birplantearazten dituzten irakurketak normalizatzea du xede.
Nola funtzionatzen du?
Dokumentu hau bost modulutan eta amaierako ixte-ariketa batean egituratuta dago:
- Oinarriak eraikitzen
- Motibazio politikoko indarkeria
- Emakumeak motibazio politikoko indarkeriako agertokietan
- Bakegintza-prozesuak
- Biktimaren figura eta memoria
- Itxiera: ikaskuntzaren perlak
Modulu bakoitzak irakasleentzako atal teorikoago bat dauka, testuinguruan sartzeko balio duena, baita ikasleekin lan egiteko diseinaturiko ariketa batzuk ere. Halaber, jorratutako gaiari buruzko erreferentziako material osagarria (bideoetarako, artikuluetarako eta abarretarako estekak) eskaintzen da. Hasiera batean moduluak ezarritako hurrenkeran lantzeko diseinatuta dauden arren, irakasleak hurrenkera alda dezake edo moduluetako batzuk bakarrik hauta ditzake. Era berean, emandako ariketak taldearen beharretara eta egoerara egokitu daitezke edo bideratzaileak eroso
sentiarazten dutenak bakarrik hauta ditzake.