Txosten berria: GGEE-ak astialdian landuz

Urriaren 17an Gasteizen ospatu ziren Eskubidez jardunaldietan aurkeztu zen “GGEE-ak astialdian landuz” txostena. Bakeola eta Baketik-ek elkarlanean eginiko lan honek, 2023an aurkeztutako eta giza eskubideen lanketa ikastetxeetan ikertzen zuen txostenari jarraipena ematen dio.

Lan honen helburua hezkuntza ez-formalaren errealitatera hurbiltzea izan da, zehazki astialdiko talde eta zerbitzuetara, giza eskubideekin lotutako gaien inguruan horietan egiten den lana ezagutzeko. Astialdiko hezkuntzarekin lotutako 47 pertsonak erantzun diote ikerketaren oinarri gisa balio izan duen inkestari. Lortutako emaitza horien inguruan eztabaidatu ahal izan da hurrengo fase batean, bai taldean, bai banakako elkarrizketa bidez.

Txosten honetan bildutako datu eta ondorioek adierazten digute bat datozela hezkuntza formalean eta astialdi hezkuntzan landutako ideiak. Gizartean edo komunitatean dauden diskriminazio-moduak dira gehien landu diren gaiak, batez ere generoari loturikoa. Izan ere, inkestatu guztiek adierazi dute genero diskriminazioaren gaiari heltzen diotela.

Astialdian giza eskubideen inguruan egiten den lanaren alderdi bereizgarrietako bat da gazteak direla, neurri batean, agenda markatzen dutenak. Horrek esan nahi du gai batzuk ez direla lantzen egoerak berak edo gaurkotasun-eztabaidak hala eskatzen duen arte. Hori da, beste behin ere, euskal testuinguruan emandako motibazio politikoko indarkeriaren kasua. Motibazio politikoko indarkeria izan da, hain zuzen ere, parte hartzaileen hitzetan, gutxien lantzen den gaia.

Kontuan izan behar dugu gazteak ere bizi diren testuinguruan diskurtso polarizatzaileek eta gorrotozkoek gero eta gehiago inbaditzen dituztela sare sozialak, hedabideak eta politika. Horri lotuta – eta, neurri batean, ondorio gisa –, “intentsitate baxuko” indarkeria-ekintzak dakartzaten sinismenak eta jarrerak areagotu egiten dira, azken batean, indarkeria horren intentsitatea areagotzeko arriskuarekin. Euskadiren historia hurbila eta indarkeriak pertsonengan eta komunitateengan izan dituen eraginak ezagutzeak bakearen eta elkarrizketaren kultura eraikitzearen aldeko apustua egiten jarraitzearen garrantzia nabarmentzen digu. 

Giza eskubideen errespetuan eta horietatik ondorioztatzen diren balioetan oinarritzen den bizikidetzarako lanak gazteak hartu behar ditu kontuan. Astialdiko espazioak ingurune egokiak dira giza eskubideak zeharka lantzeko, eta horren jakitun izanik, astialdiko boluntarioek eta profesionalek funtsezko lana egiten dute.

Txostenaren aurkezpenean, Astialdi Foroko eta Astialdi Sareko kideei errekonozimendua emateko aukera baliatu zen. Lerro hauen bitartez, Euskadiko gazteei giza eskubideak helaraziz hezkuntza ez-formalaren eremuan jarduten duten gainerako boluntario eta profesionalei ere ematen diegu aitorpen hori.

Scroll to Top