Proiektu honen ardatza boluntarioen laguntza informalaren eta ez-profesionalaren bidez, haien haurrak hazteko zailtasunen bat izaten ari diren gurasoei laguntza ematea da, beti ere, haien autonomia eta ongizatea bultzatuz.
Gipuzkoako hainbat eskualdetan esperientzia honetan parte hartzeko pertsona boluntarioak behar dira. Helburu horrekin, Baketikek batzar informatiboak antolatu ditu urrian. Bertan Familiak eskuz esku, Home-Start Gipuzkoa proiektua aurkeztuko da, herritarrak proiektu honetan parte hartzera animatzeko:
Urriak 9, Arrasate
⌚ 18:30
📍 Kulturaten (Garibai aretoan)
Urriak 21, Donostia
⌚ 18:30
📍 Txara 1 (Zarategi Pasealekua, 100)
Urriak 23, Elgoibar
⌚ 18:30
📍 Aita Agirre Kulturguneko Areto Nagusia
Home-Start: Familiak eskuz-esku proiektuari buruz
Haur baten bizitzako lehen urteak eta haurrak etapa horretan gurasoekin (edo zaintzaile nagusiekin) dituen harremanak erabakigarriak izaten dira haurtzaroa segurua izateko. Noizean behin, ordea, zenbait gorabehera direla medio, zailtasunak sortu daitezke hazkuntzan.
Hauxe da Home-Start Gipuzkoa programaren helburua: hazkuntza-zailtasunen bat duten gurasoen egoera arintzea, boluntarioen laguntza informal eta ez-profesionalaren bidez, seme-alabak hobeto zaintzeko, hezteko eta haiekiko harremanak estutzeko gai izan daitezen, horrek haurren ongizateari eta familia osoarenari mesede egin diezaiokeelakoan. Baketiken adierarik zabalenean ulertzen dugu familia terminoa, eta, alde horretatik, adin txikiko seme-alabak dituzten familia mota guztiak hartu dira aintzat proiektu honetan, gure gizartean familia-eredu ugari daudela kontuan hartuta eta familia gurasobakar amadunei leku berezia emanda.
Home-Start Gipuzkoak doako eta isilpeko laguntza-zerbitzua eskaintzen du haur txikien hazkuntzan eskarmentua duten boluntarioen bitartez; eskarmentua izateak, hain zuzen, familiek etapa horretan izan ohi dituzten zailtasunak errazago ulertzeko eta haienganako enpatia sentitzeko modua ematen die boluntarioei.
Aldi berean, programak lantalde profesional bat ere badu, boluntarioei etengabeko laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizkiena. Norbaitek programaren berri jakiteko interesa badu, Baketikeko lantaldeak prozesuaren nondik norako guztiak esplikatu eta zalantzak argituko dizkio. Gainera, programak prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen dizkie boluntarioei familiekin lehen aldiz elkartu baino lehen eta harremana irauten duen denbora guztian.
Baketik fundazioak, 15 urte daramatza Mentoretza Sozialeko proiektuak garatzen gure lurraldean. Home-Start Gipuzkoa mentoretza proiektu berri bat da, duela hamarkada batzuk Erresuma Batuan sortutako Home-Start Programan oinarritzen da eta bere emaitzengatik Europako Batzordeak Ebidentzian Oinarritutako Programatzat hartzen du. Urteetan egindako ebaluazioen emaitzei esker, badakigu programak gurasoei ematen dien laguntzak eragin positiboa duela familien eta haurren bizitzan. Hori dela hautatu du programa hau Baketikek, beste behin ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, gure lurraldean Home-Start Gipuzkoa izenarekin inplementatzeko. Aurten garatuko den esperientzia pilotua, Europako Next Generation berrikuntza sozialeko proiektuetarako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (BEEP) eta Kutxa Fundazioaren babesarekin gauzatuko da.
Informazio gehiago edo harremanetarako:
943 25 10 05 / 688644354
infoHSG@baketik.org