Polarizazioaren amildegian

Elkarrizketa Baketik-eko Maialen Lizarralderi Administrazioa euskaraz aldizkarian

Administrazioa euskaraz aldizkariaren 125. alean polarizazioaren inguruko erreportajea idatzi du Jon Gónzalez de Reparaz-ek. Baketik-eko Maialen Lizarralderen elkarrizketa dago bertan, beste adituen ekarpenen artean, eta gure blogera ekarri dugu.

Kilkatu irudian erreportaje osoa irakurtzeko

Zein da polarizazioaren mekanismoa? 

Gizakiok joera dugu jendea «gu» (barnetaldea) eta «haiek» (kanpotaldea) gisa taldekatzeko. Arazoa dator tentsioa sortzen duten beste aldagai batzuk sartzen direnean jokoan: norbere bizimoldea edo identitatea desagertzeko beldurra, norgehiagoka logikak… Giro horretan, erraza da jarrera suntsitzaileek elkarbizitza kaltetzea eta polarizazio toxikoari bidea ematea. «Gu» eta «haiek» era zorrotzean ezberdindu eta aurrez aurre jartzen dira norgehiagokan. Nor bere taldearekiko homogeneizazio-pertzepzioa eta bertako kideen aldeko faboritismoa gertatu ohi dira, barnetaldea kategoria positiboz josiz eta kanpotaldea negatiboz karikaturizatuz; eta beharrezkotzat jotzen da «gu» eta «haiek» bereizten dituen distantzia indartzea eta areagotzea. Hala, polarizatzean norbait talde batekin identifikatzen da, eta arazo bat antzemateko kolektibo horren modua bere egiten du, eta aurkako jarrera eta hori sostengatzen duten pertsonak errefusatzen. 

Nola sumatu gizarte bat polarizatuta dagoela? 

Etsaitasun logikei jarri behar diegu arreta: gizatalde bat etsai bihurtzen dugunean, gizatasuna ezabatzen diogu, eta haren aurka indarkeria erabiltzeak zilegitasun soziala hartzen du. «Bestea»ren irudi desitxuratua sortzen da; esaterako, etiketa sinpleak erabiltzen dira gizatalde anitz eta konplexuak deskribatzeko, eta geure taldeak, aldiz, konplexutasunetik begiratzen ditugu. «Besteak» beti dira basatiak, sinpleak, oldarkorrak, irrazionalak…; «gu», berriz, askotarikoak gara, eta, historia, inguruabar eta kultura konplexu eta aberatsak ditugu. Maila pertsonalean ere gertatzen da hori: gure jarrera suntsitzaileak egoeraren araberakoak dira (egun txarra, besteen eragina…); besteenak, aldiz, beren nortasun osoaren ardatz eta adierazle dira. Hizkuntza belikoa erabiltzea edo «nirekin ala nire kontra» bezalako mezuak ere polarizazioaren zantzuak dira. Azkenean, norgehiagokaren logikarekin funtzionatzen duten dinamiketan errazagoa da polarizazioa sortzea. 

Beraz, gakoren bat bizikidetza sustatzeko? 

Esate baterako, gure sinesmenak malgutu; gaitasuna izan iritziak aldatzeko edo eguneratzeko giza duintasunaren iparrorratza erabiliz; eta «haiek» taldean sartzen ditugun pertsonekiko aurreiritziak eta epaiak identifikatu. Ildo berean, «gu» taldearekin ere gaitasun kritikoa izan behar dugu, parte garen taldeko kideen iritzi eta ikusmolde guztiak ez ditugulako beti zertan partekatu. Disidentzia neurriren bat onartzen ez duen talde baten parte bagara, adi! Gatazka eta iritzi desberdintasun maila bat izatea osasuntsua da. Beste batzuetan, talde batetik kanpo geratzeak arriskuan jar dezake oinarrizko beharren bat asetzea, eta, horrek behartuta, geure egiten ditugu ikusmolde suntsitzaileak; hau da, barnetaldearen eragina oso boteretsua da gizakiongan. 

Nola kudeatu desadostasunak polarizazioan ez erortzeko? 

Gizakien konplexutasunaz ohartzea oso garrantzitsua da, jakin-mina pizten baitigu eta «beste» horiek ulertzeko zubiak sortzera garamatza, eta, ondorioz, sinpli kazioa apurtzen da. Lagungarria da, halaber, beldurrak uxatzea, askotan «beste» horien existentzia gure bizimoldeentzako mehatxua dela sinisten dugueta. Bestalde, desadostasunak kudeatzeko beharrezkoa da deserosotasun maila bat bizitzeko prest egotea, eta gatazka ikaskuntza prozesu gisa hartzea. Gainera, negatibotzat hartzen ditugun emozioz jositako prozesuak izaten dira, eta ez da erraza. Hortik abiatuta, entzuketan oinarritutako elkarrizketa da gakoa. Ariketak kooperatiboa izan behar du, ez norgehiagoka. 

Nola desaktibatu jarrera polarizatzaileak? 

Askotan, datu objektiboak eta egiak azaleratzeak ez du funtzionatzen, gizakia bere konplexutasunean ez baita arrazionala beti, baina saiakera egitea beharrezkoa da. Horrez gain, kanpotaldea humanizatzeko bideak jarri behar dira, eta horretarako ez dago aurrez aurreko elkarrizketa zintzoa baino antidoto hoberik. Polarizatuta dagoen pertsona entzuna eta ulertua senti dadila, eta ikus dezala aurrean duen «beste» hori ez dela ez basatia, ez irrazionala, ez eta sinplea ere. 

Zein da Baketiken helburua? 

Eraldaketa soziala bilatu nahian, gatazken konponbidea bilatzen dugu giza eskubideetan oinarriturik. Bakegintza arloan, gure iragan hurbileko motibazio politikoko indarkeria lantzen dugu. Ezin dugu ahaztu, muturreko polarizazioa bizi izan duen gizartea garela, eta horren ondorioak oraindik bizi-bizirik daude. Elkarrizketa-esparruak sustatzen ditugu maila politikoan eta herritarren artean, elkar ulertzea sustatzen dugu etsaitasun-logikak behingoz gainditu eta etorkizunean errepika ez daitezen.

Scroll to Top