Gaiak
Adinak
Hizkuntza

Urtea: 2008

Iraupena: 86 min.

Herrialdea: Israel

Zuzendaritza: Ari Folman

Aktoreak:

Animación

Produkzioa: Ari Folman

Vals con Bashir

Izenburu originala: Waltz with Bashir

Sinopsia
Gau batean, tabernan daudela, gauero-gauero errepikatzen zaion amesgaiztoa duela kontatzen dio aspaldiko lagun batek Ari zuzendariari: 26 zakur ditu jarraika. Gauero animali-kopuru berdina. 1980ko hamarkadaren hasieran Libanoren aurkako lehen gerra-garaian Israelgo armadarentzat bete zuten misioarekin zerikusia duelako ondoriora iritsiko dira bi gizonak. Arik, harriturik, ez du bere bizitzako garai hura gogoratzen. Jakiteko irrikaz, aspaldiko lagunekin eta kideekin hitz egitea erabakiko du. Garai hari eta bere buruari buruzko egia ezagutzeko beharra du.

Gaiak
Gerra, memoria eta beldurra

Gerra. Gerretan gertatzen diren egoerak erakusten ditu pelikulak, baita tartean harrapatzen dituen lagun guztiengan sorrarazten duen sufrimendua eta haiei dakarzkien ondorioak ere.
Memoria. Istorioak ahanzturaren eta memoriaren inguruan egiten du gogoeta, eta haiek gatazketan duten babeseko eta sendatzeko funtzioaren gainean.
Beldurra. Gerrara doazen gazteek nolako beldurrei eta ondorioei egin behar diete aurre deskribatzen du pelikulak.

Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:

…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.

Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik

· Gerrari buruz: Gerra beharrezko gaizkia al da? Ba al da alternatibarik?
· Memoriari buruz: Zer da gatazka beliko baten memoria historikoa? Zein da bere funtzioa?
· Beldurrari buruz: Zer egiten dugu beldur garenean? Ihes ala aurre egiten diogu beldurrari?

…pelikula ikusi ondoren

· Zergatik ez du Arik Sabrako eta Chatilako masakrean parte hartu zuela gogoratzen? Zergatik gogoratu nahi du 20 urteren buruan?
· Arik bere burua erruduntzat du? Erruduna al da? Hautatzeko librea al zen?
· Nola sentitzen ziren Libanora joan ziren 18 urteko gazteak? Ba al zekiten zeri egin beharko zioten aurre?
· Beldurra zela-eta, nola jokatu zuten? Nolako ondorioak ekarri zizkien gerrak?

Pello Sarasuaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu

Scroll to Top