Sinopsia
Aldaketa klimatikoaren ondorio suntsitzaileei buruzko dokumentala da. Al Gore Ameriketako Estatu Batuetako presidenteorde ohiak planetaren errealitatearen gaineko erretratu gogorra eta kezkagarria aurkezten du, gizakiaren ekintzen ondorioz isuritako CO2-ak dakarren beroketa globalak mehatxatua dagoen planetarena. Dokumental honek Al Gore beraren argudio sinesgarriak eskaintzen ditu Lurra salbatzeari ekin dezaiogun.
Gaiak
Aldaketa klimatikoa, erantzukizuna eta borondatea
Aldaketa klimatikoa. Dokumentalak planetaren eta aldaketa klimatikoaren errealitate kezkagarria erakusten du, eta horretarako datuak eta informazio zientifikoa ematen ditu.
Erantzukizuna. Filmak krisi klimatikoaren arduraren eta soluzioaren gainean gizakiak duen erantzukizuna erakusten du.
Borondatea. Planetaren egoerari aurre egiteko eta hori hobetzeko gizakiak duen ahalmenean eta borondatean konfiantza osoa erakusten du dokumentalak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Aldaketa klimatikoari buruz: Zein arlotan entzun ohi dugu aldaketa klimatikoaren berri? Geure egunerokoan nabaritzen dugun zerbait al da?
· Erantzukizunari buruz: Bizitzan dugunaren gaineko kontzientzia al dugu? Eta geure bizitza sostengatzen duen horren guztiaren gainekoa? Geure eskubideen gaineko kontzientzia izanik, berdin-berdin barneratuak al dauzkagu erantzukizunak?
· Borondateari buruz: Zerk motibatzen gaitu bizitzan ekitera?
…pelikula ikusi ondoren
· Dokumentalak aldaketa klimatikoa katastrofikotzat jotzen du, baina baita hobetu litekeen zerbait bezala ere. Zerk egiten du Al Gore itxaropentsu agertzea, ematen dituen argudio horiek denak gainditurik?
· Al Gorek gauza soiletan eta errazetan ekitera animatzen gaitu. Horrela jokatzea al da geure garaiko erantzukizun etikoa izatera heldu dena? Zergatik?
· Ba al da pertsona bakoitzaren barruan indar nahikoa aldaketa garrantzitsuak lortzeko? Zer egin dezakegu geure egunerokoan planetaren egoera hobetzeko?
Orla Hassonen laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu