Sinopsia
Drogen mundu dirudunari buruzko filma da, hiru ikuspegi desberdinetik begiratua: drogaren aurkako Amerikako politikaren arduradunarenetik, 16 urteko alaba drogazalea duena; drogaren aurkako polizia mexikarrarenetik, inguruko korrupzio guztia saihesteko ahaleginean dabilena; eta kartzelan dagoen droga-trafikatzailearen emaztearenetik, bi seme-alabak aurrera ateratzen eta senarra askatzen, kosta ahala kosta, saiatuko dena.
Gaiak
Droga, zalantza etikoak eta duintasuna
Droga. Filmak drogaren munduan zehar ibilbidea egiten du: ondorioak eta protagonistak erakutsiz, eta drogaren garroak gizartearen azken muturretaraino iristen direla nabarmen utziz.
Zalantza etikoak. Gizakiak bere kontzientziari leial izateko bizi duen barne-borroka, eta egoera gatazkatsuen eta ustelen erdian onartzen dituen arriskuak deskribatzen ditu.
Duintasuna. Filmak botere-gogo neurrigabea deskribatzen du, pertsonak helburu baten zerbitzura dauden objektutzat jotzera eta erabiltzera daramana.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Drogari buruz: Drogaren munduak zergatik du horrenbesteko boterea pertsonengan?
· Etikari buruz: Uste sendo etiko batengatik bizitza arriskuan jartzeak ba al du zentzurik? Non aurkitu daiteke indarra nahikoa arriskuak hartzeko eta horren mundu konplexuari aurre egiteko?
· Duintasunari buruz: Pertsona erabil daiteke helburu bat lortzeko bitarteko bezala? Eguneroko bizitzako zein egoeratan gertatzen da?
…pelikula ikusi ondoren
· Wakefield epailea harritu egiten da bere aholkulariekin hizketan ez delako toxikomanoak errehabilitatzeko espezialistaren batekin harremanik egin. Zergatik ez dute egin?
· Eduardo Ruizek zaintzen duten poliziei honakoa esaten die: «Zeuen lanak ez du zentzurik, ez du merezi. Azkenean, jendeak berdin-berdin jarraituko du drogatzen». Etsitzeko arrazoi biribila al da?
· Badirudi azkenean Wakefield epaileak bere borroka albo batera utzi duela. Hori horrela al da? Beste interpretazioren bat egin daiteke?
· Zer dago droga-trafikoaren munduaren atzean, azkenean den-denok zipristintzeko ahalmena duena?
Baldo Calmaestraren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu