Sinopsia
Musikako irakasle batek eta bere ikasle baten nebak ustekabean egingo dute topo. Amodio istorio baten hasiera da horixe. Istorio horretan sentimendu erlijiosoak, familiak eta arraza-aurreiritziak dira bikoteak zoriontasuna lortzeko gainditu beharko dituen oztopoak.
Gaiak
Erlijioartekotasuna, aurreiritziak eta maitasuna
Erlijioartekotasuna. Kultura, erlijio eta bizitzeko modu desberdinak elkarrekin bizi diren gizartearen zailtasunak deskribatzen ditu istorioak.
Aurreiritziak. Norberaren identitatea galtzeko beldurrak sorrarazten dituen etiketez haratago ikusteko gizakiak duen gaitasunaren inguruan gogoeta egiten du filmak.
Maitasuna. Maitasuna aniztasunean elkarguneak garatzeko aukera-eremu bezala agertzen du istorioak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Bizikidetasunari buruz: Zer esan nahi du elkarrekin bizitzeak? Zer egin dezakegu elkarrekin hobeto bizitzeko, geure identitateari uko egin gabe?
· Immigrazioari buruz: Nola bizi dugu immigrazioa?
· Desberdintasunari buruz: Zergatik ematen du beldurra desberdin izateak? Zer eragiten du geure baitan?
…pelikularen ondoren
· “Nahasketa bat naiz, eta harro nago”. Tahararen hitz horiek zein erreakzio sorrarazten dute eskolako kideengan? Zergatik?
· Hiru anai-arrebek nola egiten diete aurre gurasoei? Zergatik jokatzen dute egiten duten bezala?
· Zer dute komunean parrokia katolikoko apaizak eta Casimen familia musulmanak?
· Zer dago Casimen familiaren azken estrategiaren atzean? Zergatik baliatzen dute azpijoko hori?
Itxasne Etxeberriaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu