Sinopsia
Helen Prejean, Orleans Berriko moja errukibera, Mathew Ponceleten, heriotza-korridorean bere heriotz egunaren zain dagoen hiltzaile bortitzaren, aholkulari espirituala da. Helenen helburu nagusia Mathew bezalako lagunek salbazioa aurki dezaten lortzea da. Baina batzuetan ikerketa sakonegiak gizakiaren alderdirik ilunena eta maltzurrena utz dezake agerian. Halere, Helenek pertsona orok baduela alde onik pentsatzen du. Bere egiteko nagusia Mathewren heriotza atzeratzeko denbora nahikoa lortzea izango da, eta, iraganean modu ezin krudelagoan arituagatik ere, ezin dela inor hil guztiei erakustea.
Gaia
Giza duintasunaren etika, norberak bere buruarekin duen gatazka eta itxaropena
Giza duintasunaren etika. Pelikulak giza duintasunaren balio gorena ulertzea ahalbidetzen du indarkeriaren edozein justifikazioaren aurrean. Gertakaria bortitz eta bidegabe baten eta bere egilearen artean nola bereiz dezakegun erakusten digu istorioak. Gertakariaren aurrean kritika eta beharrezkoak diren neurriak martxan jartzea; egilearen aurrean, errespetua.
Norberak bere buruarekin duen gatazka. Zuzena dena baina gehiengoaren usteen aurka doana defenditzeak sortarazten dituen dudak deskribatzen ditu istorioak.
Itxaropena. Filmeko protagonistek itxaropena modu desberdinetan bideratzen dute: aldaketa gertatzeko itxaropena, arazoak konpontzeko itxaropena, justizia izateko itxaropena, eta abar.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Mendekuari buruz: Liberatzen al gaitu mendeku hartzeak? Lasaitzen gaitu? Galera bati aurre egiten laguntzen al dio?
· Bizitzari buruz: Nola bizi gaitezke pertsona maite bat galtzen dugunean? Zerk laguntzen digu galera bati aurre egiten?
· Erruari buruz: Ekintza injustuan parte hartuz gero, nola ematen diogu aurre? Ihes egiten al dugu? Erantzukizuna onartzen al dugu? Aurre egiten al diogu? Damutzen al gara?
…pelikula ikusi ondoren
· Nola egiten diete aurre Mathew Ponceletek hildako mutikoen familiek haien galerei? Nolakoa da beren bizitza galeren ondoren?
· Zergatik kostatzen zaio horrenbeste Mathew Ponceleti hilketetan esku hartu zuela onartzea? Zer lortu nahi du jarrera horrekin?
· storioan zehar zein jarrera du Helenek Mathewrekiko? Zein ezaugarri ditu jarrera horrek? Zer ahalbidetzen du jarrera horrek?
Elena Mendazaren laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu