Sinopsia
Zazpi emakumeren esperientzia jasotzen du dokumentalak Espainiako gerra zibilaren hasieratik Francoren heriotzaraino. Sara Berenguer, María Salvo, Rosa Laviña, Rosa Díaz, Neus Catalá, Teresa Buígues, Carme eta Mercona Puig Antichen ahotsak gurutzatu egiten dira gerra garaiko euren esperientziak eta bizipenak kontatzeko; erbestekoak, erresistentziakoak, deportaziokoak nahiz kartzelakoak.
Gaiak
Memoria, berdintasuna eta itxaropena
Memoria. Dokumentalak memoria-ariketa erakusten du, bizikidetasun demokratikoa ahalbidetu duten zailtasunak, borrokak eta bizipen dramatikoak gogoratuz.
Berdintasuna. Garai zailean eta konbultsioz betetakoan, emakumearen irudia erakusten digu filmak. Puri-purian zeuden gatazken alor guztietan paper protagonista eta erabakigarria izan zuen emakumearen irudia, hain zuzen ere.
Itxaropena. Euren helburuak irudikatu zituzten bezala lortu ez zituzten baina horiek ahalbidetzeko baldintzak sortu zituzten emakumeen bizi- eta zentzu-ibilbidea agertzen du dokumentalak.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikusi eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Lehen pertsonan esanguratsu egiten zaigun horri buruz hausnartzea, eta gure bizitzan bertan sortarazten dizkigun galderei buruz. Helburua ez da betirako erantzunak bilatzea, sortarazten dizkigun erresonantziei so egitea baizik.
…kanpora begira. Taldean edo eta familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea.
…ez bakarrik buruarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak edo aurrez ditugun ideiak albo batera uztea, pelikulak kontatzen digun harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
eta denbora baten buruan, berriz pentsatzea… Egun batzuetara pelikulak uzten digun arrastoari adi egon. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartzen duen protagonismoak bat egitearen ondorioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Sistemari buruz: Daukagunari, gure ongizate-estatuari, dagokion balioa ematen al diogu? Hori zaintzeko eta hobetzeko ardura dugula sentitzen al dugu?
· Emakumeari buruz: Gatazken eta arazoen aurrean emakumearen ekarpena agerian geratu al da?
· Zentzuari buruz: Egiten dugunari zentzua helburuak lortzeak ematen al dio? Zergatik?
…pelikula ikusi ondoren
· Zein ezaugarri dute dokumentaleko protagonistek? Euren istorioek, aukerek eta sakrifizioek zein ondorio zehatz dituzte gaur egun?
· «Zu hiltzen ez uztea asaldura-ekintza zen». «Zerbait egin behar zen, aurre egin behar zen»; beren garaiarekin konpromisoa sentitzen zuten. Zerk mugitzen zituen horrela jokatzera? Gaur egun modu berean bizi al da konpromisoa?
· «Erromantikoak ginen, mundua aldatu nahi genuen». Zein zen beren borrokaren itxaropena? Zentzurik izan al zuen egin zutena? Zer lortu zuten?
Begoña Gómezen laguntzarekin.
Gida didaktikoa deskargatu