Gaiak
Erlijioa, bortxaketak, egia
Erlijioa. Erlijio desberdinetako komunitateen arteko jazarpenak eta gerrak aztertzen ditu pelikulak. Hots, bakoitza bere sinesmenetan oinarriturik bestea errespetatzeko gaitasun faltak eragiten duen hondamendia lantzen du.
Bortxaketak. Gerrateetan mota guztietako Giza Eskubideen urraketak eman ohi dira. Emakumeen aurka, eta etnia desberdinen gainetik jartzeko asmoz, gerrako arma modura bortxaketak dituen ondorio latz, gogor eta suntsikorrak azter litezke.
Egia. Egiaren konplexutasunean murgiltzen da filma. Pertsona batek bere baitan isildu ditzakeen gertaera desberdinak argira ateratzen direnean, besteen bizitzatan izan dezakeen eragina eta egiaren erabileraren inguruko gogoeta egiten du.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Erlijioari buruz: zer da erlijioa? Bere izenean sortzen diren gatazken eragileak zeintzuk dira? Historian zehar erlijioen eraginez eman diren gatazkak asko izan al dira? Zergatik?
· Bortxaketei buruz: gerrateetan mota guztietako bortxaketak egon ohi dira, baina bortxaketak zergatik izan dira gerrako arma modura onartuak? Zein ondorio izaten dituzte gizartean bortxaketek?
· Egiari buruz: zertan laguntzen digu egia jakiteak? Egi gogor baten aurrean jende askok nahiago du ezjakintasuna, beraz, zuzena al litzateke aukerarik eman gabe norbait egiara bultzatzea honek bere bizitza osoa aldatuko duela jakin arren? Zer da egia?
…pelikula ikusi ondoren
· Nawalen historia ezagutzen hasten garenean, familia ohore gabe utzi duela esaten diote, zergatik? Zein ondorio ditu Nawalen bizitzan bere semearengandik urruntzeak?
· Bi gutun horiek eman eta egiaren bilaketa eskatzeak zein ondorio ditu Jeanne eta Simonen bizitzetan? Zertan lagun diezaieke denei egia jakiteak?
· Nawal, La mujer que canta bezala ezagutzen dute askok. Zertan laguntzen dio kantatzeak? Nola eragiten du bere jarrerak besteengan?
· Zergatik behartzen dute Nawal umeak izatera? Zer esanahi dute ume horiek berarentzat? Ama eta seme-alaben arteko erlazioan horrek nola eragin dezake?