Sinopsia
Sei urtean filmatutako dokumental honek zinema-estilo zuzen eta intimista du, eta 2010eko apirilaren 14an Argentinako justizia-epaitegietan abian jarri zen “Argentinako kereila” delakoan sartuta dauden erregimen frankistako biktimei eta bizirik atera zirenei laguntzen die. Lege-ekintza horren helburua zen diktadura frankistako kideek egindako gizateriaren aurkako krimenak ikertzea, arduradunak identifikatzea eta penalki zigortzea.
Gaiak
Frankismoa, egia, justizia eta erreparazioa, memoria
Frankismoa. Garai hau, zoritxarrez, behartutako desagertzeek, torturak, hobi komunek eta diktadura frankistaren garaian (1939-1975) gertatutako gainerako basakeriek osatu zuten eta, frankismoak orokorrean, giza eskubideen urraketa larriak eragin zituen .
Egia, justizia eta erreparazioa. 1977ko Amnistiaren Legeak “ahanzturaren legea” ezarri zuen, 1976ko abenduaren 15a baino lehen gertatutako delituak ezkutatu eta barkamen-politika praktikan jartzea erabaki zen. Preso politikoak kaleratu, gertatutakoa gainditu eta herrialde berri eta batu eraikitzeko asmoz, horrela, alderdien artean gorrotoa ekiditeko. Lege horrek frankismoaren krimenak ikertzeko edozein aukera blokatu zuen, eta, beraz, biktimarioak justiziaren aurrera eraman eta biktimak erreparatzeko aukera oro ukatu zuen. 80 urte igaro dira Gerra Zibila eta frankismoa gertatu zirenetik eta, gaur egun, desagertuak kontaezinak dira eta mila hobi komun baino gehiago daude oraindik ere, eta familiek ezin izan dituzte bertan hobiratuak dauden gorpuak berreskuratu.
Memoria. Memoria kolektiboa, iraganean gertatutakoa eraikitzea eta Gerra Zibilean eta frankismoan eman ziren giza eskubideen urraketa guztiak argitara ateratzea funtsezkoa da gure oraina ulertu, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizun bat eraikitzeko eta gertatutakoa berriz ere ez errepikatzeko.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Frankismoari buruz. Zer dakizu frankismoaz? Zer kontatu dizute etxean horri buruz?
· Egia, justizia eta erreparazioari buruz. Zein da zuen ustez hitz hauen esanahia? Zerekin lotuko zenituzkete?
· Memoriari buruz. Zer da memoria? Ze desberdintasun dago zuen ustez memoriaren eta historiaren artean?
…pelikula ikusi ondoren
· Zerk eragin dizu zirrara gehien? Zer sentitu duzu?
· Hasierako galderetara itzuliz: zer gehituko zeniekete egia, justizia, erreparazioa eta memoria kontzeptuei pelikula ikusi ondoren?
· Noren erantzukizuna da biktimak oroitzea eta erreparatzea? Zein da gizartearen papera biktimekiko?
· Zer daramazue dokumental honetatik?