Sinopsia
Bere aita, Jorge V.a erregea, hiltzen denean eta Eduardo VIII. erregearen abdikazioaren ondoren, betidanik hitz-moteltasun larria izan duen York-eko Dukea errege izendatzen dute Ingalaterrako Jorge VI.a bezala. Bere herrialdea gerrarako arriskuan egonik lider bat behar du halabeharrez eta, ondorioz, Isabel bere emazteak Lionel Logue izeneko logopeda xelebre batekin jartzen du harremanetan. Honen eta bere familiaren laguntzarekin, erregeak bere gaixotasuna gainditu eta bere herriari arnasa emango dion eta herria borrokarako batuko duen diskurtsoa eskaintzen du irrati bidez.
Gaiak
Mugak, nekaezintasuna eta erantzukizuna
Mugak. Protagonistak bere egitekoa betetzeko duen muga eta horrekin nola bizi den erakusten digu pelikulak.
Nekaezintasuna. Hitz-moteltasuna gainditzeko protagonistaren borroka eta nekaezintasuna eta amore ez ematera laguntzen dioten zenbait pertsonen babesa erakusten digu pelikulak.
Erantzukizuna. Errege izateko erantzukizunari aurre egin beharko diote pelikulako bi anaiek, horrek uko egitea ere esan nahi duela jakinda bien erabakia oso desberdina da.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikularen aurretik
· Mugei buruz: Geure mugei aurre egiten al diegu? Onartzen al ditugu? Hobetzen saiatzen al gara?
· Nekaezintasunari buruz: Zailtasunen aurrean, nekaezinak al gara gainditzeko edo erraz ematen al dugu amore?
· Erantzukizunari buruz: Erraza al da erantzukizunak onartzea? Zerk zailtzen du? Nola hartzen dugu erabakia onartzeko edo ez onartzeko? Zerk dauka pisu gehiago erabakia hartzerakoan?
…pelikularen ondoren
· Nola egiten dio aurre Bert-ek bere hitz-moteltasunari? Gainditzeko gai sentitzen al da beti? Bakarrik lor al lezake? Zein zeregin hartzen du bere emazteak? Eta Lionelek?
· Nolakoa da Bertiren eta Lionelen arteko harremana? Zein bilakaera du? Biak berdinak al dira?
· Bertiren anaiak zergatik egiten dio uko errege izateari? ¿Bertik zergatik onartzen du errege izatea? Horretarako gaitasunik ba al du Bertik? Zein?
Pello Sarasuaren laguntzarekin
Gida didaktikoa deskargatu