Sinopsis
Ekintza indibidualek iraganeko, oraineko eta etorkizuneko bizitzetan duten eraginaren esplorazio bat. Bidaia honetan arima bakar bat hiltzaile izatetik heroi izatera igarotzen da eta ontasun ekintza bakar baten eraginak mendeetan zehar iraultza bat inspiratzen du. Historia desberdinen hauen artean dauden interkonexioen narrazioa da. Bertan, erabaki eta jarrera desberdinek nola eragiten duten aztertzeaz gain, ongiaren indarrak aldaketarako bidea mendeetan barrena nola bultzatzen duen aztertzen da.
Gaiak: Interkonexioa, giza duintasuna, askatasuna
Interkonexioa. Garai berdin eta desberdineko pertsonen artean ematen den lotura kontatzen du pelikulak. Lotura ikustezin honek iradokitzen du ekintza bakar batek norbanakoa gainditzen duen eragina izan dezakeela..
Giza duintasuna. Giza duintasunaren aurkako ekintza desberdin asko ikus litezke, baina baita hau errespetatzeko lana euren bizitzaren misio eta ardatz egiten duten pertsonak ere. Hauen ekintzek finkatuko dute eraldaketa azkenean.
Askatasuna. Narrazioko errealitate eta garai desberdinetan, pertsonaia desberdinek beraien askatasuna mugaturik ikusten dute, askatasunaren zentzuan eta nolakotasunean sakonduz.
Filma ikusteko eta entzuteko iradokizunak
Pelikula bat modu askotara ikus eta entzun daiteke. Erreferentzi puntu batzuk eskaintzen ditugu. Zehazki pelikula modu honetara ikustea eta entzutea iradokitzen dizugu:
…barrura begira. Gutako bakoitzari esanguratsu egiten zaigun horri buruz eta gure bizitzan bertan sorrarazten dizkigun galderei buruz hausnartu. Helburua ez da betirako erantzunak aurkitzea, uzten dizkigun arrastoei erreparatzea baizik.
…kanpora begira. Taldean edota familian elkarrizketa sustatu. Kontua ez da ondorioetara iristea. Hauteman eta sentitu duguna konpartitzea, eta besteen hautemate ezberdina entzuten eta ulertzen saiatzea da.
…ez bakarrik arrazoiarekin, baita bihotzarekin ere. Une batez aurreiritzi ideologikoak eta edo aurrez ditugun ideiak albo batera utzi, pelikulak kontatzen digun horren harira, sentimenduek hitz egin dezaten.
…eta denbora baten buruan, berriz ere pentsatu. Adi erreparatu egun batzuen ostean pelikulak utzitako arrastoari. Arrasto hori ikusi dugunari buruzko hausnarketak eta istorioak gugan hartu duen biziak sortutako inpresioa da.
Zenbait galdera…
…pelikula ikusi aurretik
· Interkonexioari buruz: zer adierazten du interkonexioak? Zer nolako elkar-eragina duzu zure inguruarekin? Ze eragin duzu beste pertsonengan? Eta haiek zugan? Ezagutzen al duzu karma kontzeptua?
· Giza duintasunari buruz: zer adierazten du giza duintasunak? Zein ekintza motak eragiten duten horren urraketa?
· Askatasunari buruz: zertan datza aske izatea? Mugarik izan beharko al luke askatasunak? Egiak eta askatasunak ba al dute loturarik?
…pelikula ikusi ondoren
· Istorio bakoitzean ezkutuko zein egia azaleratzen dira? “Ezkutuan geratuko banintz egia ez litzateke jakingo; eta ezin nuen hori onartu” Sonmi-ren esaldiak zer adierazten dizu?
· “Muga guztiak akordioak dira, gainditzeko esperoan daudenak” dio Frobisher-ek. Ze muga gainditzen dituzte pertsonaia ezberdinek? Askeago bihurtzen al ditu horrek?
· Hartutako erabaki bakoitzak etorkizunean (hurrengo belaunaldi edo bizitza batean) eragin dezakeela uste al duzu? “Gure bizitzak ez dira geureak. Umetokitik hilobira, besteei loturik gaude. Iragana eta etorkizuna. Eta krimen bakoitzarekin eta gizalegezko ekintza bakoitzarekin, gure etorkizuna erditzen dugu” Sonmi-ren esaldiak zer adierazten dizu? Nola erditu dezakezu zuk duintasunezko etorkizun bat?
Eneritz Zabaletaren laguntzarekin.