Eskubidez Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Erakundeen Foroa da, Euskadiko 261 erakundek osatuta dago. 2007an eratu zenetik, bere helburu nagusia aniztasunean oinarrituta lan egitea da, bake kultura sendotzen eta giza eskubideak sustatzen laguntzeko.
Gaur, irailak 21, Bakearen Nazioarteko Eguna, Eskubidezek, Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Erakundeen Foroak, bi ekimen garrantzitsuren berri eman nahi du:
1. Ikerketa: “Giza eskubideen lanketa ikastetxeetan”.
2. Online Ikastaroaren laugarren edizioa: “Bake Kultura, Bizikidetza eta Giza Eskubideak”.
1) Ikerketa: Giza eskubideen lanketa ikastetxeetan
2023an zehar Eskubidezek, egun Euskadi mailan eskoletan bideratzen den giza eskubideen inguruko ekintzen nondik norakoen berri izateko ikerketa bat bideratu du, alde kuantitatiboa eta kualitatiboa bilduz. Guztira EAEko 3 hezkuntza sare ezberdinetako 93 irakasle eta hezkuntza profesionalen ikuspuntua bildu zen, inkesta baten bidez. Horrez gain, informazioa balioztatu eta zabaltzeko 6 elkarrizketa-sakon eta gogoeta taldea osatu ziren, lagina handituz.
Baketik Fundazioak eta Bakeola–EDE Fundazioak bideratutako ikerketa honetan, emaitzek argi erakusten dute giza eskubideekin konprometituta dagoen hezkuntza sare bat dagoela Euskadin, ikastetxeen %91a baino gehiagok lantzen baitu gai hau.
Diskriminazioa eta desberdinkeria dira gehien lantzen diren arloak, generoa eta arrazakeria medio. Horren parean, esanguratsua da ikastetxeen % 25ek baino ez diotela heltzen gure lurraldean azken hamarkadetan izandako motibazio politikoko indarkeriaren errealitateari.
Giza Eskubideen arloan ohikoa da irakasleentzat gobernuz kanpoko elkarteren laguntza edota materialak jasotzea ere, baina lankidetza hori hobetzeko aukera ere badago. Ikerketa bere osotasunean aurkeztuko da azaroan, Bilbon Eskubidez sarearen jardunaldietan, eta aipatutako kooperazioa bai eta eskolek lantzen jarrai dezaketen gaien inguruan aritzeko aukera bikaina izango da.
2) Bake Kultura, Bizikidetza eta Giza Eskubideak online Ikastaroaren 4.edizioa
Bestalde, Bake Kultura, Bizikidetza eta Giza Eskubideak izeneko online Ikastaroaren laugarren edizioa iragarri nahi dugu, edizio berritua, eduki, gai eta jarduera berri interesgarriekin.
Formazio hau eragile ezberdinei zuzenduta dago: Giza eskubideetan interesa duen edozeini zuzendurik dago; hala ere bereziki lagungarria izan dakioke, udal teknikari, irakasle, ikasle, eta elkartegintzan dabilen edonorentzat.
Online burutu daiteke; era horretan bakoitzak bere erritmora gauzatu dezake eta gaitegia modu lasaian sakondu. Saiatu gara baliabide erakargarriak prestatzen artikulu, bideo eta gaurkotutako hausnarketa ezberdinak urreratzen.
Eta noski, arlo honetan EAE mailan nahiz naizoartean esanguratsuak diren jakituenen ezagutzak jasotzen dira.
Beraz, anima zaitezte formakuntza interesgarri hau burutzera.
Izena aurretik emateko epea irekita dago:
https://eskubidez.org/actividades/curso-online/inscripcion-online/
Informazio gehiago eskuratzeko:
Anna León
Telefonoa: 688.80.17.94
info@eskubidez.org / www.eskubidez.org