Urtero bezala, abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Ospakizun eguna da, eskubide horiek sustatzen eta babesten dituen nazioarteko esparrua daukagulako, eta baita aldarrikapen eta salaketa eguna ere, egunero eskubideak urratzen baitira eta eskubideen eremu askoren garapenak eta inplementazioak oraindik hutsune eta arrakala larriak dituelako.
Giza Eskubideen mundua ez da erraza, eta hauen nazioarteko babesaren barne-logikak askotan ulertezina egiten du haren bilakaera. Horregatik, jende askok zalantzan jartzen du, halaber, antzeko helburuak dituzten nazioarteko hainbeste tresna egoteak ez ote duen bidea oztopatzen. Esate baterako, hemen azter genezake Giza Eskubideek eta 2030 Agendak agertokia partekatzen duten edo bi mekanismo horiek benetan behar ditugun.
Normala da pertsona askorentzat Agenda eta giza eskubideak nahastea: gobernuen arteko lanaren nazioarteko esparrua partekatzen dute, eta adostasunez hartzen dira erabakiak. Beraz, jaiotza horretan bat egiten dute, Nazio Batuen esparru horretan, non oinarri moralak, etika edo lehentasunezko ildoak ere aurkitzen baitituzte bai 2030 Agendak zein Giza Eskubideek.
Beren unibertsaltasuna ere partekatzen dute, bi prozedurak maila globalean partekatzeko bultzatu baitira, eta ez eskualde batzuetan bakarrik. Gainera, egia da batzuek eta besteek zeharkakotasunari buruzko diskurtsoak partekatzen dituztela edo zatiezintasuna bultzatzen dutela, ez dadin izan erosoago edo errazago sentitzen garen horretan bakarrik lan egiteko aukera.
Azken finean, argi dago 2030 Agendaren 169 helburuak beteko balira edo Giza Eskubideak bere osotasunean ezarriko balira, bi mekanismoek elkar elikatuko liratekeela, hau da, bestearen emaitzak eta komunitatearenak nabarmen hobetuko lituzketela.
Hala ere, ezin dugu ahaztu 2030 Agenda eta Giza Eskubideen nazioarteko zuzenbidearen mekanismo guztiak tresna bereiziak direla eta beharrezkoak bakoitza bere aldetik (nahiz eta bata bestearentzat onuragarri izan). Argi dago Agendak denbora-bide bat ezartzen duela, denbora-muga bati lotutako xedeekin; Giza Eskubideek, berriz, ez dute bitarteko adierazlerik aukeratzen eta ez dira 2030era mugatzen: eskubide horiek iparrorratza dira, pertsona bakoitzaren eskubideak betetzeko estandar altuenak bermatzen dituen helmuga.
Era berean, ezin da ahaztu zenbait gaitan tabu eta ulergabetasun askorekin hautsi eta esparru askotan eskubideen bermea lortzen ari arren (emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak eta beste batzuk), gai eta esparru hauek ez zirela 2030 Agenda honetan integratu, eta, beraz, eskubideak babesteko funtsezko eta oinarrizko gaiak kanpoan utzi zirela.
Erantzukizunaren gaia ere desberdina da: bi formulek monitorizazio-sistemaren bat badute ere, Giza Eskubideen Nazioarteko Sistemaren exijentzia eta betebeharrak askoz argiagoak eta bermatzaileagoak dira, eta 2030 Agendaren konpromiso batzuek ez dute beti jarraipen egokia ziurtatzen, hein handi batean, borondatezkoa baita.
Horrela, bi mekanismoak erabilgarriak eta beharrezkoak dira —biak ere hobetzeko modukoak—. 2030 Agenda ibilbide-orri bat eta 15 urterako bide bat erakusten du; Giza Eskubideek, berriz, jomuga iraunkor bezala esparru bat ematen digute, eta horren alde borrokatzeko begirada bat eta eskatzen jarraitu beharreko helburu batzuk ezartzen dituzte, gero eta gehiago zabalduz guztiontzako Giza Eskubide guztien ulermena, defentsa eta inplementazioa.
Maider Maraña – Baketik
Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza – Lehendakaritza