Gainditze istorioak

«Mena» hitza inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrei erreferentzia egiten dien akronimoa da. Denboran zehar mespretxuzko izaera hartu du, migrazio-prozesu bat jasan ondoren herrialde ezezagun batera bizimodu hobe baten bila bakar-bakarrik iristen diren haur eta nerabeak kriminalizatuz. Baina, zein da euren errealitatea?

Zergatik emigratzen du haur batek bakar-bakarrik, familiarik gabe?
Urtero milaka adingabe saiatzen dira itsasartea zeharkatzen bizitza hobe baten bila. Okerreko ideia dago gazte migratzaileak eskaintzen zaizkien erraztasunen eta laguntzen ondorioz datozela Europara. Hala ere, jatorrizko herrialdeen errealitate gogorra eta aukerarik eza dira migratzera bultzatzen dituztenak, horretarako gazteegiak izanik. Familia askok beren gazte migratzaileengan jartzen dituzte itxaropen guztiak bizi diren pobrezia-egoeratik ateratzeko.

Heziketa eskasa baina ezinbestekoa
Tutoretzapeko gazte migratzaile gehienak 18 urtera prestakuntza eskasarekin iristen dira, hainbat arrazoirengatik: ez dute hizkuntza menderatzen, beren herrialdeetan ikasi ahal izan zutena ez da hemen ikasten denaren berdina, ez dago nahikoa laguntza-irakaslerik eskoletan edo, besterik gabe, iristen diren adinagatik, batzuetan adin-nagusitasuna bete baino hilabete batzuk lehenago. Lana lehenbailehen bilatu beharrak are gehiago zailtzen du goi-mailako ikasketak egiteko aukera.

Denok behar ditugu afektua eta babes emozionala
Edozein pertsonarentzat oso zaila eta traumatikoa izan daiteke haurtzaroko eta/edo nerabezaroko aldi bat familiaren laguntzarik gabe pasatzea. Adin horretan, maitasuna, ulertuak sentitzea eta gure beharretan laguntzea behar dugu, pertsona osasuntsu eta zoriontsu gisa hazi ahal izateko. Era berean, oso garrantzitsua da gure inguruan pertsonak izatea (lagunak, ikaskideak, konfiantzazko pertsonak, irakasleak, etab.), gugan eta gure gaitasunetan konfiantza izaten laguntzeko. Laguntzarik gabeko adingabe eta migratzaile batek ez du familiarik, ez eta lagun diezaioketen beste pertsonarik ere, eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egin behar die egunerokoan.

Tokiko pertsonen laguntza gizarte-mentoretzaren bidez
Izeba Proiektua eta Iloba Proiektua Gipuzkoan tutoretzapeko gazteei eta gazte tutelatu ohiei laguntzeko sortu ziren, pertsona autonomoak izateko bidean aukera hobeak izan ditzaten, pertsona heldu batekiko harremanaren bidez. Gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden gazte horiei aukera ematen die pertsona edo familia boluntario batek independentziarako bidean lagun diezaien, laguntza emozionala eta premia zehatzak azpimarratuz. Konfiantzazko harremanak sortu nahi dira, pertsona gisa garatzen eta gizartean integratzen laguntzeko. Honela definitu genezake proiektuaren funtsa: “norbaitekin kontatzea norbaitentzat kontatzea da”.

18 urteko beldurrak: emantzipazio “espres”eko prozesuak eta traba administratiboak
Hainbat arrazoirengatik haur eta/edo nerabeen zati bat jatorrizko familiaren laguntzarik gabe igaro behar izan duten gazteak dira tutelatu ohiak. Hori dela eta, 18 urte betetzean helduarora igarotzeko erreferentziazko heldu gutxi izaten dituzte, aukera gutxiago eta ahalik eta azkarren egiteko presioa (Gipuzkoan emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa denean). Atzerritarren kasuan, arazoa are handiagoa da, 18 urtera iritsitakoan oztopo legal eta administratiboei aurre egin behar baitiete, eta horiek ia ezinezko egiten dute benetan gizarteratzea.

Lan bat bilatzeko lan neketsua
Lana lortzea da gazte migratzaile tutelatu ohien kezka nagusietako bat. Izan ere, beren herrialdeetatik emigratzeko motibazio nagusietako bat ere bada. Gazte horientzat, lanari dagokionez, benetako errealitatea aukerarik eza da, dokumentazioarekin trabak, baldintza txarrak, kontraturik, eskubiderik eta bermerik gabe. Gazte gehienek enplegurik lortu gabe uzten dituzte adingabeen harrera-etxeak.

Etxebizitza duina, eskuraezina
Etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak, kasu askotan, gaindiezinak dira: Gipuzkoako etxebizitzen prezio altuei (2021ean Donostiak Bartzelona ordezkatu du, etxebizitza partekatu batean logela bat alokatzea garestiena den Espainiako hiri gisa, Idealistaren arabera) errentatzaileen jarrera arrazistak eta/edo administrazio-egoera irregularra (paperik eza) gehitu behar zaizkie kasu askotan. Gurutze Gorriaren arabera, adin-nagusitasuna betetzean Espainiako harrera-etxeetatik irteten diren gazteen % 10ek kalean edo prekarietate handiko egoeran bizi behar izaten du.

Aurrera egitea ez da erraza gazte horientzat. Gutako bakoitzak zerbait egin dezakegu haien alde; eta gure jarrera pertsonalean aldaketa txiki orok ondorioak ditu. Adibidez, diskurtso konstruktibo baten alde egin dezakezu, zurrumurruak zabaldu beharrean, eta, horrela, pertsona horienganako ikuspuntua alda dezakezu zure ingurunean, aurreiritzi eta estereotipoetatik ihes eginez.

Gainera, gazte bati egoera horretan laguntzeko denbora librearen zati bat eskaintzeko prest bazaude, izeba/osaba gisa lagun dezakezu. Denon artean lagun dezagun istorio horiek gainditze istorio arrakastatsuak izan daitezen.

Scroll to Top