Elkar elikatzen eta osatzen duten urteurrenak

Maider Maraña

Izaki sozialak garenez, zenbait marka nabarmentzeko beharra dugu, nor garen eta norantz goazen gogorarazten diguten uneak. Gertaera gogoangarri horiek eta denboraren poderioz dakartzaten urteurren guztiak ospakizunetarako aukera bihurtzen dira, baina baita iragana, bizitakoa eta ikasitakoa hausnartu eta baloratzeko ere.

Egun hauek oso biziak dira gure inguruan: Aieteko Adierazpenaren 10. urteurrena ospatzen dugu, eta duela hamarkada bat ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuen, gure historian kapitulu berri bat irekiz.

Eta zurrunbilo horretan guztian, Baketik-en, beste urteurren bat ospatzen ari gara: joan den urriaren 14an Baketik-ek 15 urte bete ditu.

Berrelikatzen eta osatzen diren urteurrenak dira; egun hauetan Aieteko 2011ko Konferentzian parte hartu zutenek adierazi duten bezala, Euskal Herrian bakerako bidea eraiki zen ehunka erakunderen, milaka pertsonen ekintzari esker, haiek erabaki baitzuten bidea egitea, indarkeriarik gabeko mundu bat eskatzea eta bizi genituen eskubide-urraketen egoerari irtenbide desberdinak ematea.

Indarkeriaren amaierarako tokian tokiko ahots aktibo eta erabakigarriek, eta haiekin batera egon ziren nazioarteko eragileek, bakearen agertokira iristeko oinarriak ezarri zituen gizarte zibilaren garrantzia gogorarazi digute egunotan.

Baketik-ek 15 urte bete ditu egun hauetan, eta lan gogorrez beteriko urteak izan dira, bai bakeari eta bizikidetzari dagokienez, bai gure gizarteko diskriminazioekiko eta gizarte-eskubideen urraketekiko elkartasunari dagokionez. Gizarte zibileko erakunde guztiek bezala, batzuetan zalantzak eta emozio kontraesankorrak sortzen zaizkigu gaur egun gurea bezalako erakunde bat zutik edukitzeko zailtasunen aurrean, edo lortutako emaitzen aurrean ziurgabetasuna sentitzen dugu, ez baitira beti erraz ikusten.

Baina zalantza horien aurrean, Baketik-en lantaldetik, eta are gehiago hamarkada bateko bake-ospakizunen egun hauetan, argi ikusten dugu gure zeregina eta beharrezkotzat jotzen dugu gizarte-erakunde desberdinetatik gure inguruan beste harreman-logika batzuk bultzatzen jarraitzea.

Hamabost urte hauek gure lanaren oinarria den zerbait defendatzen jarraitzera gonbidatzen gaituzte: prozesua. Gure lanaren zati handi bat prozesu dinamikoetan oinarritzen da, non gure desberdintasunak eta kontraesanak aurrera egin ahala aldatzen baitira, nahiz eta beti ez dugun argi ikusten zein izango diren hurrengo urratsak. Urteurren honetan, hain zuzen ere, prozesua defendatu nahi dugu, egunez egun bizikidetzaren alde lan egiten jarraitzeko beharra defendatu.

Defenda ditzagun, beraz, urteurrenak, egindako bidea argitzen diguten mugarri eta tresna gisa, baina giza eskubideen balizko urraketen aurrean erne jarraitzera gonbidatu behar gaituztenak. Jarrai dezagun oinez, prozesuan, eta bete ditzagun urteurren berriak, horizonte berriak.

Scroll to Top