Iloba proiektua, gazte tutelatu ohien bidelagun

Baketiken lan ardatzetako bat elkartasunaren sustapena da. Gaur egun arlo honetan bi proiektu nagusi ditu: Izeba proiektua eta Iloba proiektua, familia bereko bi projektu. Gaur arreta Iloba proiektuan jarriko dugu baina Izeba proiektuari lotuta dagoenez, bata ulertzeko bestea ezagutu behar da lehenbizi.

 
Izeba Proiektua

Familia eta pertsona sare bat da, euren borondatez, hainbat arrozoirengatik jatorrizko  familiengandik bananduta bizi diren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden pertsona adingabeen mentore edo izeba-osaba papera jokatzen dutenak.
 
Helburua adingabe tutelatuen bizi kalitatea hobetzea da, euren garapen pertsonalean eta gizarteratzean lagunduko duten erreferentziazko pertsona edo familia baten bidez.
 
Boluntarioak adinez nagusi diren pertsonak dira, seme-alabekin edo gabe, zaurgarritasun egoeran dagoen adingabe batekin euren denbora librearen parte bat igarotzeko prest daudenak. Bere funtzioak afektibotasuna eta gizarte harremanak eskaintzea dira, aldizkako topaketa erregularren bidez, telefono deien bidez edo bestelako laguntza bideen bitartez, daukaten denbora librearen arabera.
 
Baketikek, bere aldetik, proiektuaren sustatzaile gisa, boluntarioei laguntza jarraia eskaintzen die, zalantzak argitzeko eta gomendioak emateko.
 
Izeba proiektua ezaugarri hauek dituen lehen proiektua da Euskadin, 2009tik. Ordutik hona 200 haur eta gazte baino gehiagok eta beste hainbat boluntariok parte hartu dute proiektuan.
 
Iloba Proiektua

Iloba Proiektuak Izeba Proiektuaren filosofiari jarraipena eman nahi dio. 18 urte bete dituzten eta beraz tutelatu ohiak izatera igaro diren gazteei eta euren laguntza familia/ pertsonei zuzendua dago.
 
18 urte betetzean eta tutelatuak egoteari uztean Izeba Proiektutik irtetzen dira gazteak eta izeba-iloba harremanek naturaltasunez jarraitzen dute, beste edozein harremanek bezala. Baina momentu honetan gazte hauen bizitzan aldi berri bat hasten da, aldi konplexu bat, aldaketa asko suposatzen dituena. Harrera etxetik irten eta bere kasa bizitzen hastea salto handia da gazte baten bizitzan. Etxebizitza lortzeari ikasketak bideratzea edota lan bilaketa gehitu behar zaizkio. Izeba Proiektuaren ibilbidea osatzen duten hamabi urte hauetan ohartu gara oso onuragarria dela gazteontzat momentu horretan euren mentoreekin harremanetan jarraitzea, behar berriei aurre egiteko.
 
Beraz proiektua gizarte bazterketa arriskuan dagoen gazteria tutelatu ohiaren bidelagun izateko jaio da. Mentoretza harremanen bitartez emantzipazio aukerak hobetzeko  helburua izango luke. Emantzipazioan lagunduko dien pertsona boluntario bat eskaintzen die gazteei, harreta berezia jarriko duena laguntza emozionalean eta bere behar zehatzetan, bere garapen indibidualean eta gizarteratzean laguntzeko. Esan genezake proiektuaren muina honakoa dela: norbait alboan izateak guri gertatzen zaiguna norbaiti inporta zaiola esan nahi du. Autokonfiantza sortzeko eta gure baliabide propiak garatzeko gure sare sozialaren laguntzaren garrantzia gogorarazten digu.
 
Aurten esperientzia pilotu gisa jarri dugu martxan proiektua Gipuzkoa Kutxa Solidarioari  eta Gipuzkoako Foru Aldundiari esker. Lehen pausua da beraz. Egun gure erronka proiektua sendotzea da, datozen urteetan jarraipena eta egonkortasuna izan ditzan.
Scroll to Top