Gertatutakoaren transmisioa (II) Zer da helarazi behar dena?

Ezer ez komunikatzea ezinezkoa den bezala, ezinezkoa da indarkeriazko iraganaren inguruan ere ezer ez transmititzea. Isiltasunean bilduta ere, beti transmititzen da zerbait: zertaz hitz egin daitekeen eta zertaz ez, nortzuk diren “onak”, nortzuk “gaiztoak”, zeintzuk diren muga etikoak… Hala, agian gure gazteek ez dakite nor izan zen Miguel Angel Blanco edo ze urteetan egon zen GAL aktibo. Baina agian herriko familia zehatz bati etsaitasun logika bat aplikatuko diote, inertziaz, edo, zergatia oso ondo jakin gabe, tripak nahastuko zaizkie Guardia Zibilaren kontrola ikustean. Logika, emozio edo funtzionatzeko modu batzuk jasoak dituzte.

Tentsioa ere transmititzen dugu: hartu adibide bezala Eusko Jaurlaritzak bultzatu nahi duen ‘Herenegun’ programaren inguruan berriki sortutako tirabirak (edo tarteka sortzen diren beste edozein polemika mediatiko). Zer ikasiko du iraganaz 16 urteko gazte batek, zuzenean edo zeharka, horren guztiaren aurrean? Gaiak talka sortzen duela, eta hobe dela ez aipatzea? Bere burua polemiketako bando ezberdinekin posizionatzera behartuta sentituko ote da? Nekea eta nagia sortuko ote dio gaiak hortik aurrera?

Gertaera zehatzak ez ezik, marko etiko bat, eta gai korapilatsu baten aurreko jarreren eredu eta logikak ere transmisio horren parte dira. Noski, jarrera etiko eta eraikitzaileak ere uneoro transmititzen ari gara. Hor dago giltza. Kontzientziaz egitea falta zaigu. 

Scroll to Top