Gertatutakoaren trasmisioa (I). Gazteek ez omen dakite.

Gazteek ez omen dakite indarkeriazko iraganean zer gertatu zen eta jakin-minik ere apenas omen dute. Baieztapen hau sarri entzuten da bakea eta bizikidetzaren inguruan egiten diren eta gazte oso urri biltzen dituzten ekintza, jardunaldi eta foro ezberdinetan. Gazteek ez dakite, gazteak ez daude. Gabezia honen aurrean, gertatutakoaren transmisioa egin behar dela ondorioztatu ohi da. 

Begiratu dezagun analisi hori hurreragotik: gazteek ez ezik, helduek ba al dakite zer gertatu zen? Ba al dute ezagutzeko jakin-minik? Ohikoa baita norberaren lubaki eta burbuiletan gertatu zena ondo ezagutu, eta beste guztia informazio lauso eta inpertsonalizatua izatea heldu askorentzat. Motibazio politikoko giza eskubideen urraketen irudi poliedrikoa oraindik orain azaleratzen ari den zerbait da, eta hala izaten jarraituko du urte askotan. Beraz, helduek ere badituzte etxekolanak zentzu horretan. Jakin-minari dagokionean ere, azken urteetan gizartearen zati bat aurrera eta ingurura begira jarri da, arazoak eta giza eskubideen urraketak ez baitira falta gaur egun ere; urteetako ardura nagusia izan ostean, beste askok arnasa hartzeko beharra ere sentitu dute arreta beste nonbaiten jarrita. 

Helduek landu ezean, beraz, nekez helaraziko dizkiegu belaunaldi gazteagoei bizitako, eragindako eta isildutako giza eskubideen urraketen kontakizunak. Aurrera eta eutsi, beraz, norbanako, taldetxo, herri eta instituzioek berradiskidetzea eta bizikidetzaren alde egiten zabiltzaten lanari.  

Scroll to Top